Demokrazia: Euskadi ez da Espainia

Berriro hauteskundeak. Eta gero zer? Funtsezkoa ez da emaitza berdintsuak aterako diren edo sorpasso delakoa gertatuko den, baizik eta zergatik egin beharko diren berriro hauteskundeak. Espainiako demokrazia ze egoeratan dagoen da arazoa eta hori ez da oraingo kontua. Euskaldunok ondo asko dakigu.

Gogoratu beharrekoa da Madrilek zein begirune gutxi dion gure herriaren gehiengoak erabakitakoari. Irmo salatu izan du Eusko Alderdi Jeltzaleak kalitate baxuko demokrazia dagoela Espainian, gure herrian behin eta berriz sufritu baitugu. Orain, espainiarrei beraiei egokitu zaie ondorioak jasatea.

Demokraziak ez du nolanahi irauten: etengabeko ariketa da, elkarrizketaren eta akordioaren kulturan oinarritzen dena. Horixe falta du Espainiako politikak: elkarrizketa, elkarrekiko errespetua, ados jartzeko borondatea, hitza betetzea; aldiz, ezinikusi, mesfidantza, harrokeria eta itxurakeria gehiegi dago. Gerra horretan, herritarrak galtzaile eta demokrazia paralizatuta. Nabarmena da gaitz hori Espainiako politikan, bai marka politiko zaharretan bai berrietan. Ez dira kapaz ezertan ados jartzeko, gauza batean salbu: Euskadiren eta Kataluniaren nazio eskubideen aurka azkar bat egiten dute denek. Alferrik esango dute “aldaketaren gobernua” behar dela: politika egiteko era barru-barrutik aldatzen ez badute, ez da ezer aldatuko.

Euskadin bestelako kultura politikoa dugu eta, zailtasunak zailtasun, demokrazia sendotzen duen bidea egin dugu. Alderdien interes zilegiak herriaren interes orokorrarekin uztartzean dago gakoa. Hor daude legealdiz legealdiko hainbat koalizio-gobernu eta hitzarmen, betebehar politikoarekiko erantzukizunez. Gipuzkoan, Euskadin politika egiteko era euskal gizartearen ezaugarria ere bada, herritarrek eskatzen duten erantzunaren ispilua.

Demokrazia ariketa zorrotza da eta balio nagusia herriak eta herritarrek dutenean ezagutzen da benetakoa dela. Ikuspegi hori bere-berea du Eusko Alderdi Jeltzaleak eta balio hori gauzatzen ahalegintzen da demokraziaren kalitatea zainduz. Guztiok heldutasunez jokatzera deituak gauden honetan, EAJk konfiantza du gipuzkoarrengan. Herritarren ardura izango da erabakitzea Gipuzkoan eta Euskadin zein dabilen zuzen, demokraziaren eta gure herriaren alde. Euskaldun eta abertzale izanik, erne espainiar zurrunbiloan eta liskarrean erori gabe. Gurea ez da Espainia eta hango kutsadura politikoa ez dugu inola ere onartuko. Badugu zeri begiratu: euskal jendeari eta Euskadiri. Eta badugu gurea nola defenditu: abertzaletasuna indartuz.

Ez dago iruzkinik

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.