Emakume Abertzaleak, erabakitzeko eskubidearen ahotsa

“Emakumea ez da izatea ematen duena bakarrik baizik eta izaten erakusten duena, eta, horregatik, Barakaldoko emakumeok, Euzkadi izango da guk nahi duguna”. Emakume Abertzale Batzako Teresa Zabalaren mitineko hitz sutsuak dira, 1932koak. Berebiziko indarra hartzen ari zen garai hartan Eusko Alderdi Jeltzalearen barruko emakumeen mugimendua, 1922ko apirilaren 22an sortua, orain 95 urte.

Abertzaletasuna hasten ari zen, eta hazten. Argi zegoen, arrakasta izateko, emakumea alde behar zuela Euskadiren kausak. 1. Mundu Gerra ostean, puri-purian zegoen emakumearen boto eskubidea. Irlandan, mugimendu errepublikanoa. Hara jo eta Sinn Feineko ordezkari bat ekarri zuten jeltzaleek Bilbora, Cumman na mBan, emakumeen ligaren lana azaltzeko. Erantzuna bat-batekoa izan zen eta hitzalditik egun gutxira, ehun emakume zeuden elkartuta.

Primo de Riveraren diktadurak zapaldu zuen abertzaletasuna 1923an. Zapaldu bai. Itzali ez, ordea. Errepublika aldian, EAJ berriro bateginik, berpiztu zen Emakume Abertzale Batza. Berpiztu, indartu eta hedatu. Itziar Rekalde EHUko irakasleak dio, 20.000 emakume zirela EABko kide. Francoren altxamenduak moztu zuen hura. Moztu, zigortu, zapaldu. Baina ez ziren besoak tolestuta gelditu.

Josu Chueca EHUko irakasleari irakurri diogu “elkartasun sareen ehuleak” izan zirela Emakume Abertzale Batzako hainbat, erresistentzia bikain antolatuta, gerratean eta ondorenean: Araba Sarea, Baionatik Iruñearaino, eta gero, Puerto de Santa Mariaraino. Bittori Etxeberria, Delia Lauroba, Itziar Mujika eta Teresa Verdes, Madrilgo Ventasko espetxean preso, Espainia “Una, Grande y Libre”ko emakumeen kartzela handienean. Zailtasunean zindo eta ausart iraun zuten emakumeek, presoei laguntzen eta Jaurlaritzarentzako informazio zerbitzuan, biziak salbatzeko eta bizitza duintzeko.

Emakume indartsuak ziren, konbentzituak. Kausa batek harrapatu zituen hezur-muinetaraino: Euskadiren askatasunak. Miresgarriak dira, oraingo begiekin ikusita. Duela mende bateko Euskadin errezeloz hartzen zuten emakumea esparru publikoan aritzea. Hura gizonaren lekua zen. Andrearena, etxea. Gaur ohikoak zaizkigun lorpenak aldarrikatzen aitzindariak izan ziren, esate baterako, Julia Fernandez Zabaleta iruñarra, etorkizunaren igarlea. Soldatapeko lana nahi zuen emakumearentzat, gizonaren mende ez egoteko; emakumeak herri-ordezkari izatea defendatu zuen, politika emakumearen gauza zela-eta. Bera ageri da Euskal Unibertsitateko Medikuntza Fakultatearen sorreran, Basurton, gerra lehertu berritan.

EAB ez zen gizonaren aurka jarri baina emakume haiek asmatu zuten etxetik ateratzen: euskara izan zen atea. Atea, bidea eta helburua. Batzuk mitinlari apartak gertatu ziren. Sorne Unzueta bilbotarra, adibidez. Bermeon, gazteleraz barra-barra egiten zuten abertzaleei epelak esan zizkien, “Sabino Aranak abertzale usteltzat hartu eta zindoen artetik kenduta bazter batean ipiniko” lituzkeela. Mitinak eta artikuluak euskaraz egiten zituzten haiek zer esango ote lukete gaur, euskaldunak espainieraz ikusita, sare sozialetan eta mikrofonoetan. Polixene Trabudua sondikatarra aurrean ibili zen: “igandero izaten ziren mitinetako hizlari ofiziala nintzen, aberrian barrena, Nafarroan ere bai, batzokiak irekitzen. Hura zirrara ezezagunek kalean agurtzen nindutenean, edo milaka abertzalek, piztuta, txalo jotzen zigutenean, edo martiri sentitzen ginenean polizia espainolak epaitegira eramanik”.

Mitinetan, aberria eta euskara. Eta eskolan, gauza bera. Errepublikaren eredu erdaldun eta laizistari eta Elizaren eskola espainolari erantzun zien Eusko Ikastola Batzak. Ikastola haietan euskara eta euskal herri-nortasuna erakusten zituzten, kristau heziketarekin batera. Europako pedagogia aurreratuak txertatu zituzten, adibidez, neska-mutilak eskolan elkarrekin ikastea, gaur arrunta baina ordurako iraultza. Euskaldun gehieneko herrietan, euskara zen aurreneko hizkuntza eta gaztelania bigarrena. Elbira Zipitria zumaiarrak argi egin zuen orduan, eta gero, diktadura beltzean egunez umeekin eta gauez helduekin, eta andereñoak prestatzen. Nor-Nori-Nork metodoa Zipitriak asmatu zuen, erderazko gramatikak ez zuelako balio euskara erakusteko.

Iruditzen zait zorretan gaudela Emakume Abertzale Batzarekin eta andre haiekin, herri bezala eta emakume bezala. Ezjakintasun olinpikoa daukagu, maila indibidual eta kolektiboan. Ondo dago kanpokoen berri edukitzea baina onartezina da etxekoei buruz ezjakinak izatea. Lotsa eman behar liguke. Gainera, ez al da arriskutsua? Oroimena baztertuz egiten den herria ez al da lokatz gainean eraikitako etxearen antzekoa, oinarriz ahula, erorkorra, alienaerraza? Ezagutza ezinbestekoa da oroimenerako eta identitate pertsonal eta kolektiborako. Garrantzitsua da atzera begiratzea aurrera jotzeko.

Emakume haietaz gogoratzea eta beren espiritua berritzea dagokigu, bat egin eta Euskadiren burujabetza eta euskara bultzatzea, eta demokrazia eta bakea sendotzea. Euskara ez da euskarari buruz aritzeko; euskara da euskaraz aritzeko. Eta gure herriaren etorkizuna ez da nola datorren begira egoteko baizik nola gauzatu pentsatu eta erabakitzeko. Politikan, emakumeak ez gaude zerrendak osatzeko. Aurreko haiek akuilua ditugu, euskaldun eta abertzale garela azaltzeko. Gure egitekoa da, eta ez egitea, gure hutsegitea. Gipuzkoarrak gara, Emakume Abertzale Batzako haien ondorengoak. Gure hitza, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Gure ekintza, Euskadi askatzeko. Emakumeon indarra, euskal estatuari bidea zabaltzeko.

 Eider Mendoza Larrañaga

Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea

Ez dago iruzkinik

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.