TTIP-a, mehatxuak sahiestu beharra duen aukera

2013an, Europako Batzordeak Ameriketako Estatu Batuekin balizko merkataritza librerako itun berri bat negoziatzeko agindua eman zuenetik, ezkerreko eragile ugarik harrotu dituzte bazterrak. Komunikabideetan asko ari dira ugaritzen TTIP-aren kontrako kritikak: negoziaketaren iluntasuna salatzen dutenak, Europak berezkoak dituen lan-eskubideak, ingurumen eta osasun bermeak hankaz gora jarriko dituela esaten dutenak, “transnazionalen” interesen babesa besterik ez duela defendatuko baieztatzen dutenak, demokrazia ezabatuko duela, eta abar luze bat.

Horren aurrean, komeni da jakitea orain artean mundu mailan dozenaka direla sinatu diren antzeko itunak. Besteak beste, aurten sinatu da TTP-a: EEBB, Kanada, Vietnam, Peru, Mexiko, Malasia, Japon, Australia, Zeelanda Berria, Singapur, Chile eta Brunei-ren artekoa. Horrek ondorio zuzen bat dakar: mundu mailako merkataritzaren erdigunea Pazifikorantz eramatea, eta ondorioz, Europa albo batean uztea. Txinaren indarra ere kontutan hartzeko da.

Zer esanik ez, Europar Batasunak eta EEBBak elkarren artekoa sinatuko balute, Euskadi mundu mailako merkataritza-gune handienaren erdian geratuko litzatekeela.

Geopolitikak, ordea, ez gaitu eraman behar hemen ditugun berme-politikak merke saltzera. Horregatik, Europako Legebiltzarraren gehiengoarekin batera, Europak bereak dituen zerbitzu publikoak, lan-eskubideak eta ingurumen eta osasun babesak defendatu ditugu, negoziaketan europar ordezkariei guzti horiek zaintzeko agindua emanez.

Dena dela, diotenez, nekez onartuko da TTIP-a Obamak nahi bezala, bere agintaldia amaitu aurretik. Edozein modutara, Europako Legebiltzarrak ontzat eman beharko luke eta, ondoren, Batasuneko Estatuetako Legebiltzar bakoitzak berretsi.

Ez dago iruzkinik

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.