04 api. AGUR ETA ERDI, HEMEN GARA
Agurtu dugu X. legealdia Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Azkar joan dira lau urteok. Aurreko astean izan genuen legealdiko azken Osoko Bilkura eta hunkigarria egin zitzaidan batzarkide eta lankideei agur egitea, izan ere, lau urte ez dira alperrik pasa eta pozik nago erakundea zuzentzearen esperientziaz. Ez bakarrik bidean lankide apartak ezagutu ditudalako, ez soilik erakundea hobeto ezagutu eta ezagutarazten saiatu naizelako, edota erakunde hau eta gipuzkoarrak ordezkatzea ohore handi bat izan delako. Ederra izan da benetan Batzar Nagusietako lehendakaritzak politika egiteko eta eragiteko ematen duen aukera ikustea, bai arau handi eta orokorretan bai eguneroko gorabehera zehatzetan, okasioa eman baitit kargu honek beharrean gertatu eta hurbildu den hainbat herritarri laguntzen saiatzeko.
Giro politikoari lasaitua ematea behar zuen Gipuzkoak orain lau urte, etenda gelditutako hainbat egitasmo martxan jartzea eta lanerako eta bizikidetzarako klima egoki bat. Herritarrek ez dute gerra dialektiko erasokorrean oinarritzen den jarrera politikorik nahi eta batzuen hizkuntza politikoa desarmatzea eskatzen dute. Herria aurrera ateratzeko, herritarrak egoki zaintzeko eta zailtasunei eta erronka berriei aurre egiteko proposamenak ikusi nahi dituzte, eta horiek lantzeko gidari zintzoak. Denon artean lortu dugu helburu hori eta objektiboki legealdi hasieran baino hobeto dago gure lurraldea eta bertakoak.
Ez naiz inori dagokion tokia kendu zalea, ez dut hori ikasi Eusko Alderdi Jeltzalean, alderantziz baizik. Politika lehiakorra da izatez baina ez da lehia hutsa eta itsua, garaileak eta galtzaileak uzten dituena. Gu eragiteko asmotan gatoz, herritarrek hala nahi badute, ahal den neurrian, gune eraginkorrenetik: gobernutik. Politika tresna bat besterik ez baita: helburu politikoak lortzen laguntzen duen tresna. Herriarentzat eta herritarrentzat onena bilatzen laguntzen duen tresna. Politikak berezkoa du sugarra, baina gabiltzan kontuz bazterrak erretzearekin. Denok dakigu lana errazago ateratzen dela giro barean eraso bizian eta zatitzailean baino. Eraginkorragoa da eta inteligenteagoa. Inguru hurbilean begiratu eta alde handia dago, bai diskurtso politikoaz bai buruzagi politikoen gizalege eta politika egiteko eraz ere. Halaxe da. Zain dezagun euskal politikaren kalitatea, gure estilo propioa. Bestela jai daukagu. Denok. Buruzagi politikook nahiz herritarrok.
Maiatzeko hauteskundeetan Batzar Nagusiak berrituko ditugu. Ziur naiz, herria eta herrigintza maite dugun heinean, gure ekarpena egiten jarraituko dugula politikan aritu edo ez. Horixe baita benetan garrantzia duena: gauden lekuan gaudela, geure buruaz haratago ikustea eta jardutea. Hori da interes kolektiboaren funtsa. Herri bateko kide sentitzea eta bertako gizartea elkartzen, sendotzen eta hobetzen saiatzea, begi irekiz. Bakoitzak ahal duen neurrian, dezakeena eginez. Halaxe esaten diet gure txikiei etxean eta erakundea ezagutzera etorri diren ehunka gipuzkoarrei ere bai.
Hurkoarentzat ona nahi duenak, bizilagunari lagunduko dio arazoren bat sortzen zaionean, gelakideari eskolako lanak etxera eramango dizkio gaixotzen denean, euskarazko eskolak emango dizkio etorkinari, arropa bilduko du baliabiderik ez duenarentzat, afaria prestatuko gaixo dagoenari, edo errefuxiatuari lagunduko. Gutako bakoitzaren ahalmena handia da laguntzeko. Horrela mugitzen garenean eraginkorrak gara aurrerantz. Laburbilduz: elkartasuna barneratutako herritarrek eta fundamentuzko erakundeek elkar hartuta, bide ona egin dezakegu.
Azken ohar bat. Garrantzirik bai al du gure agurra betiko izateak, jakinik Gipuzkoako Batzar Nagusiek 622 urte beteko dituztela? Ez hainbestekoa, erakundea berritzen baitugu lau urtero herritarrek, bere aginteak ziurtatuz. Ekarpenez ekarpen egiten dugu historia eta herria. Iruditzen zait merezi duela politika horrela bizitzea, herriaren alde saiatuz, eginez eta eraginez. Niretzat behintzat baliotsua da,eta hala nahi nuke guztiontzat izatea ere. Hemen gara, lau urte igarota aurrera begira. Beraz, agur eta erdi, adiorik ez.
Eider Mendoza Larrañaga
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Presidentea
Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.