20 abe. Zubeltzu, Debako kulturaren bihotza
Zubeltzu ez da eraikin bat bakarrik. Oroitzapenez, topaketez eta bizitza partekatuaz betetako lekua da. Urteetan Debako egunerokotasunaren eta debarren belaunaldi askoren historiaren parte izan zen, kultura eta elkarbizitza elkarrekin bizi ziren espazio gisa. Debako Udalak Zubeltzu zinema zaharra berreskuratu du herriaren erdi-erdian dagoen kultur azpiegitura publiko bihurtzeko. Zinema, kultura eta topaketa berriz ere herriaren bihotzean bizitzeko aukera emango duen gunea.
Herriko zumardia bezalako espazio esanguratsuak sakrifikatzea planteatzen zuten beste proposamen batzuek aurren, EAJk irtenbide askoz zentzuzkoago baten alde egin du: lehendik zegoen eta historia duen eraikin bat berreskuratzea eta bere funtzio kulturala itzultzea. Bizitza kultural gehiago Debako erdigunean, ondare naturala eta guztionakdiren espazio berdeak galdu gabe.
Erosketa 1,1 milioi euro ingururen truke itxi da, eta horietatik 1, 062 milioi kanpoko finantzaketaren bidez lortu dira, EAJren lan serioari esker. Udalaren zuzeneko ahalegin ekonomikoa oso txikia izan da. Emaitza argia da: Debak zorpetu gabeko kultur azpiegitura publikoa irabazi du, etorkizuneko belaunaldientzako ondarea eta debar guztiena izango den ekipamendua, ez gutxi batzuena.
EH Bildu 38.000€ren truke Zubeltzu zinema erostea herriarentzat ezkorra dela azaltzen saiatu da. Planteamendu absurdoa da, politikoki noraezean dabiltzala eta higadura hutsgatik noraino iristeko prest dauden agerian uzten duena. Denak balio du, baita Debarentzat berri on baten aurka egiteak ere. Nola fida gaitezke eta lan egin horrela jokatzen duen alderdi batekin, botoak herriaren onuraren gainetik jartzen dituen alderdi batekin?
EH Bildu konparazioak egiten ari den honetan, gobernatzen ari zenean bultzatu zuen parte-hartze prozesua zenbat kostatu zen azaltzea komeniko litzateke: Zubeltzu erostea kostatu denaren bikoitza baino gehiago, ondarerik eta emaitzarik utzi gabe, eta gainera Udala milioi bat euroan zorpetuta utziz. Kontra ez zeudela esan arren, kontrako botoa eman zuten eta erosketa geldiarazten saiatu ziren, 2025a amaitu baino lehen gauzatu behar zen milioi bat eurotik gorako finantzaketa arriskuan jartzen zuen erreklamazioa aurkeztuz. Gauza batean dute arrazoia: ez dute ezertan parte hartu, legealdi honetan aurrera ateratako proiektuetatik kanpo geratzea erabaki dutelako.
EAJren lanari esker eta EH Bilduk prozesua blokeatzeko saiakerak egin dituen arren, aurrera atera da Zubeltzu. Gaur Debak kultura, ondare publikoa eta etorkizuna irabaziko ditu. Eta frogatuta geratzen da EAJk gobernatzen duenean proiektuak seriotasunez kudeatu eta errealitate bihurtzen direla.

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.