Erdiak gara

Erdiak gara, izan gaitezen erdiak. Lema hori hautatu du Aldundiak martxoaren 8 berezi honetarako. Gure misioa da egun guztiak izatea martxoaren 8a, egunero agerraraztea emakume eta gizonen arteko desoreka etengabeak, 365 egun urtean emakume eta gizonok aldaketaren jakitun garen eragile izan gaitezen, etorkizun justu, pareko eta iraunkor baten alde lan egiteko. Emakumeok, gizartearen erdia izanik egiaz, ez baikara erdiak. Errealitatea egoskorra da, eta datuek egunero astintzen gaituzte desoreka sakonaren egia erakutsiz. Gizartearen erdiak benetan gizartearen erdia izan behar du.

Soldataren arrakala da egun hauetan denon ahotan ibili den kontuetako bat. Gipuzkoako Ogasunak errentaren azken kanpainarako prestatu zuen txostena ekarriko dut. Lehen eskuko datuak dira, esaten digutenak emakumeen bataz besteko soldatak 2016an 21.019 euro izan zela; gizonena, berriz, 28.194 euro. Soldataren arrakalak argi uzten du, ezerk uztekotan, desberdintasunaren egia. Gipuzkoan arrakala % 24,5 zen. Egitura zurrun baten icebergaren muturra baino ez. Egitura hori urrun dago aukera berdintasuna bermatzetik eta emakumeei eta gizonei aitortza berdina ematetik.

Etorkizuneko Gipuzkoaren garapen ekonomiko eta soziala, neurri handi batean, urte hauetan berdintasunaren alde hartu ditzakegun erabakien arabera dago, ohitura aldaketen eta antolakuntza aldaketen arabera. Eta bidea markatzen duen iparrorratza, zalantzarik gabe, ardura partekatuko kontziliazioa da. Bizitza profesionala eta familia zeharkatzen duen zeharkako ardatz bat da, zeinaren orekak eskatzen baitugu kultura eta lanaren antolaketaren aldaketa bat. Aldaketa lortzeko gakoetako bat da, orobat dena Etorkizuna Eraikiz osatzen duten proiektuen oinarrietako bat. Datuek hor jarraitzen dute hizketan. Euskadin, emakumeen % 45ek beren lan orduak murriztu dituzte seme-alabak edukitzean; baina gizonen % 5ek. Seme-alabak zaintzeko eszedentzien % 93 eta senideak zaintzeko eszedentzien % 83,2 emakumeek eskatu dituzte, datu horien arabera. Gipuzkoako Foru Aldundian gure ahaleginak bildu ditugu etorkizuneko Gipuzkoa diseinatzeko, eta legealdi honetan kontziliazio arduratsuaren 30 esperientzia pilotu abiaraziko dira enpresetan.

Uste dugu esperimentatuz, asmatzen direnekin eta kale egiten direnekin, garbiago ikusiko dugula ongizatearen xede horretarako bidea. Emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna da bermea, eta ez bakarrik ongizatearena eta justiziarena; inguru iraunkor batek etorkizunerako ematen duen gizarte kohesioaren bermea ere bada. Eta ekonomiaz ari gara orobat. Gipuzkoa, Europako desberdintasun gutxien dituen lurralde gisa; eta ekonomia bat berdintasunean ere oinarritua.

Gipuzkoan 719.282 biztanle bizi gara (2017), eta horietatik 368.020 emakumeak gara. Hots, % 51,2. Erdiak gara eta pixka bat gehiago. Lanean jarraitu behar dugu gizarte bat eraikitzeko non erdiak berdintasunean biziko baikara, ahaleginak, talentua eta lankidetzarako gogoak uztartuz. Izan gaitezen, beraz, dagokiguna.

Miren Elgarresta

Emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunerako zuzendari nagusia

Tags:
Ez dago iruzkinik

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.