28 aza. Erraza ezezkoa denean, baiezkoa
Gehiago idatzi behar nuke. Nahiz eta pentsamenduak jira eta buelta ibili eta idazteak ideiak argitu eta antolatzen laguntzen didan, kosta egiten zait idazten hastea. Arrazoi ezberdinak daude, tartean praktikoak: lotarako orduetan eta gidatzen ari naizela jartzen zait burua bizi-bizi martxan, teklatua astintzen hasteko une eta leku txarrak biak. Baita ere taktikoak: urteak behar izan ditut eztabaida parlamentarioak idatzi eta lehenengo hitzetik azkenera irakurtzetik, eskema soil bat prestatu eta paperik gabe egitera heltzeko, bitarte horretan idazteko ohitura galduz. Baina badaude bestelako arrazoiak ere: gai batzuk bereziki zailak eta mingarriak dira, askotan biraka ditugun arren, burmuineko azken artxiboan ezkutatu nahi izaten ditugu gure bizitza eta erabakiak baldintzatu ez ditzaten, eta pentsatzetik idaztera igarotzean pentsamendu horiek biluztu eta ispiluaren aurrean jartzen dugu geure burua. Gainera, idazten duguna argitara ateratzen bada, aitorpen publiko bilakatzen da. Prest nago.
Ez da erraza gaur egun politikan aritzea. Badakit gure aurrekoek gerrateak, erbesteratzeak, kartzela eta heriotza-zigorrak etab. bizi izan zituztela; baita gure garaikoek ere duela gutxi arte: atentatuak, mehatxuak, etab. Haien arrasto eta ondorioak oraindik bizi eta kudeatu behar ditugun arren, objetiboki, egoera hobean gaude denok. Hemen, gure herrian. Eta aldiz, irudipena daukat aurreko garaietan baino mikatzagoa dela herrigintzara dedikatzea.
Alde batetik, bizitzaren esparru guztietan erreferente onak eta duinak izatea inportantea izanik, are garrantzi handiagoa hartzen du herrigintzaren arloan, herritarren atxikimendua eta baita esfortzu kolektiboa lortzeko itzala izan behar duelako arduradun politiko batek, eremu txikian bada ere. Eta hainbeste informazio eskura daukagun garai honetan, telebista piztu eta erreferente trakets asko ikusten dugu munduan zehar. Politika eskasa irudikatzen duten horietako askotxo, diskurtso xenofobo, misogino eta antisozialekin boto bakar bat merezi ez duten arren, hauteskundeak irabazten dituzte, gainontzekoon harridurarako. Erreferente txarrak, tamalez ugaltzen ari direnak eta batzuk nagusitzen, populismoaren bitartez. Eta gure herrian oraingoz gailendu ez diren arren, ez dakit noiz arte eutsiko diogun “irla” honi. Inguratuta baikaude.
Bestetik, Espainiako giro politiko ustelak geurea intoxikatzen du etengabe, batzuei hala komeni zaielako, nahiz eta azkenean etxekalte bilakatzen den. Alegia, guztioi egiten digu kalte, eta baita herrigintza berari ere azkenean. Horri gehitzen badiogu edozer gauza esatea balekoa bilakatzen ari dela arerio politikoari kalte egiteko, horren ondorio pertsonal eta politikoak aintzat hartu gabe, are eta bidegabeagoa da. Zer esanik ez sare sozialen garai honetan non gezur edo sasi-egia batek sekulako abiadura eta hedapena hartzen duen aitaren batean, inolako kontrolik gabe. Modu gordinean esanda: gaizki ikusiak gaude. Ez zait xamurra egiten hau idaztea. Bidegabea delako eta min egiten didalako.
Hori guztia nahikoa ez eta gihar politiko gutxiko momentua bizi dugu. Hain garai gogorrak jasan eta gainditu ondoren, gauzak errazagoak izango zirela pentsatzen genuen honetan, ongizate itxurako egoera honetan anestesiatuta bizi gara orokorrean, lozorroan, esnatu ezinik.
Hau guztia esan eta gero ondorio edo erabaki errazena litzateke uztea, beste zerbaitetan pentsatu eta aritzea, baina nire kasuan hiru arrazoi ditut aurrera egiteko kemena ematen didatenak: herria maitatzeak, konpromiso abertzaleak eta emakume izateak, gutxik irauten baitute denbora luzean politikagintzan eta nik nire ekarpentxoa egin nahi nuke.
Kosta egin zait sentitzen eta sinesten ditudan hauek idaztea. Neure buruari zor nion, baita etxekoei ere, eta bide batez ariketa honek balio dit herrigintzan zintzo jardun duten, diharduten eta jardungo duten guztiei eskerrak emateko. Erraza litzateke ezetz esan eta uztea, baina indar handiagoa du Euskadi maitatzeak. Herriari bai, politikari baietz esatea da. Eutsi nahi diot asmo honi.
Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.