01 jun. Biriatuko auto ilarak aztergai
Urtebetetik gora bada Biriatu eta Irungo ordainlekuen artean, AP-8an auto ilara luzeak sortzen direla. Honek, noski, gipuzkoarron artean, eta batez ere Bidasoa inguruan bizi direnen artean edo lanerako joan-etorrian Irun ingurura egunero joan behar dutenen artean haserrea, ezinegona eta kezka sortzen du. Egoera hau pairatzen duen beste arlo bat kamioilari eta garraiolariena da, egun osoz errepidean ibiltzen diren langile hauentzat orduetan gure errepide zati honetan egotea geroz eta jasanezinagoa baita. Sarritan eskatu diote kazetari eta herritarrek Foru Aldundiari honen zergatia azaltzea eta konponbidea jartzea. Zoritxarrez ez dauka konponbiderik epe laburrean behintzat, Frantziako Estatuak bere segurtasun irizpideak aldatzen ez dituen bitartean. Batzuetan Frantziako poliziak kontrolak egiten ditu Biriatun bertan, eta gehienetan, bidesari ordainleku bera hartzen dute filtroa edo ikuskaritza egiteko elementu gisa. Ze esan nahi du honek? Gipuzkoako aldean ordainleku guztiak irekitzen ditugu, eta gainera gure kabinek ordainlekua norabidez aldatzeko gaitasuna dute trafiko korapiloa nondik datorren lehentasuna jarriz. Pilaketa Gipuzkoatik badator Frantziako norabideko ordainleku gehiago irekitzen dira eta alderantziz. Honek trafikoa erregulatzeko aukera ematen digu neurri batean. Baina Frantziako estatuak aldiz, ez ditu ordainleku hauek irizpide honekin jarrita. Kabinek ez dute ordainlekuaren norabidea aldatzeko aukerarik eta 7-8 kabina irekitzeko aukera izanda ere ez dituzte ia inoiz 3 besterik zabaltzen. Frantziako estatuak ordainlekurako kabinak filtro moduan erabiltzen ditu, hau da, ibilgailuen abiadura moteldu egiten du ibilgailu hauen kontrola hobeto egiteko. Kabinetako hesiak irekitzeko denbora luzatu egiten dute kontrol handiagoa egiteko. Barrera irekitzeko denbora segundo batean jarri edo 5 segundotan jarri izugarrizko aldea nabaritzen da. Honek auto ilaretan eragin handia dauka. Honen konponbidea ez da oso zaila Frantziak ordainleku guztiak ireki eta hesien denbora gutxienera egokituko balu aldea handia izango litzateke eta auto ilarak asko murriztuko lirateke. Bestalde, segurtasun kontrolak egin behar badituzte polizia gehiago jarri beharko lituzkete Frantziako aldean lan hori egiten. Borondate politikoaren kontua da, azken finean. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bidegiren bitartez, bileretan parte hartu izan du Frantziako polizia desberdinekin, Ertzaintzarekin, Espainiar poliziarekin, ASF Frantziako autopista kudeatzailearekin eta abar.Espainiako agintari eta Frantziako agintarien artean ere hitz egin izan dute auzi honen inguruan baina Frantziaren erantzuna beti berdina izaten da: gauza guztien gainetik Frantziar estatuaren segurtasuna lehenesten dute. Pariseko atentatuen ondoren sortu zen arazo larri hau eta terrorismo atentatuek daramaten bidea ikusirik ez dirudi Frantziak segurtasun irizpideak aldatuko dituenik epe laburrean behintzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dezakeen bakarra seinalizazioa indartzea,udako joan etorrietan ordainlekuetan zenbatekoak ahalik eta txanpon txiki gutxien izatea, ordainketa ahalik eta azkarren egiteko bai Zarautzen eta baita Irunen ere eta Ertzaintzarekin koordinatuta egotea da. Guzti hauek egiten ditugu baina ez da nahikoa. Frantzian dago estugunea eta Frantziako Estatuaren eskuetan dago konponbidea.
Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.