18 may. Botoaren giltza daukazun horri
Apirileko hauteskunde aurrean idatzi nuenean, ez botatzekotan zeunden hori izan zintudan gogoan. Ez dakit azkenean zer egin zenuen. Ez dakit askok ikusi genuena ondorioztatu zenuen: Madrilera ordezkariak bidaltzeko herri eta euskal senaz erantzun zuela jende gehienak Gipuzkoan eta Euskadiko Erkidegoan. Konfiantza adierazten du, politikariok herriarekiko eta herritarrek gurekiko, elkar harturik herri proiektu on bat garatzeko. Itxaropena indartu, ilusioa berritu eta Euskadiren aldeko giroa eta lanerako gogoa eragiten du. Pozgarria eta pizgarria benetan.
Bada, oraingo honetan berriz ahalegintzeko eskatzera natorkizu. Izan ere, testuingurua gogorra eta ziurgabetasunez betea dator: aldaketa globalek eragiten digute, nazioarteko harremanak zailak dira maiz, populismoa eta eskuin muturra goraka kezkatzeko eran, Europan eta munduan zehar agintzen hasita. Eta guk prest egon behar dugu aurre egiteko. Gure txikian duin erantzun dugu apirilaren 28an: ultraeskuinak ez du indarrik Gipuzkoan ez Euskadin. Ez dezagun ahaztu desberdintasun hori. Demokraziaren osasunaren seinale bat da, zerorrek zure botoz indartua. Europan nonahi erakusteko moduko emaitza, Espainia ez den gure herriari dagokiona. Hau urteetan egindako politika abertzalearen ondorioa ere bada, geure herri-kultura eta herri-erabaki propioa pertsonak oinarrian jarriz eraikia.
Alegia, konbentzituta nago asmatu dugula Gipuzkoan Foru Aldundiaren eskutik eta Batzar Nagusien bultzadaz, esfortzu handia egin baita azken lau urteotan, ez bakarrik aurreko legealdian korapilatuta eta irtenbide gabe utzitakoak konpontzen (Deskargako autobidea eta hondakinen kudeaketa sistema) baizik eta gure lurraldeak, erakunde, enpresa eta herritarrek dituzten erronkak identifikatu eta proiektuak martxan jarri direlako. Esaterako, Etorkizuna Eraikiz planaren barruan, Elkar-Ekin programa, bazterkerian eroritako pertsonak gizarteratzeko, lanerako ibilbide pertsonalizatua eta formazioa eskainiz; hasten ari diren proiektuak, adibidez, 2Deo, ikus-entzunezko edukiak euskaraz bultzatzeko; Adinberri, zahartzaroari erantzuteko; Mubil, elektromugikortasun zentroa; Naturklima, berotze globalari aurre egiteko; LABe, gastronomian puntan jarraitzeko, e.a.
Horrek badu bere isla Gipuzkoako egoeran. Begira datu batzuk: azken lau urteotan langabezia %12,7tik %7,9ra jaitsi da, hazkunde ekonomikoa %3koa da, 4.351 miloi euroko esportazioak iaz, zerga bilketa 4.837,4 milioikoa, eta markak ondu ditugu. Gizarte kohesionatuagoa daukagu, baina lanak ez ditugu bukatu: 35.000 pertsona bizi dira beharrean Gipuzkoan. Beraz, ekonomia sustatzeko eta gizarterako politikak pentsatzean, giza mailatik abiatzen jarraitu behar dugu. Hartu kontuan Gipuzkoako aurrekontuaren ia erdia, 390 miloi, gizarte politika egiteko direla, eta gipuzkoar bakoitzeko gastua 542 eurokoa dela. Hori da benetako politika eredua, EAJk bultzatu duena. Baita hemendik aurrera ere. Baina kontuz. Gauza bat da “ezina ekinez egina” eta bestea, egin ezin dena eginez ‘nahitaezinean’ amiltzea, herria neurrigabe zorpetuz eta gure seme-alaben etorkizuna zulora botaz. Arrisku hori du ezkerraren eta EH Bilduren joera batek, EAJri aurka egin beharrean itsututa. Hori da baztertu beharreko politika, bai edukia bai egiteko era. Horren ordez, egingarria den politika eskaintzen dugu berriro, eta gure herria gero eta bere buruaren jabeago izateko, denon artean estatus politiko berria erabakitzea demokratikoki eta askatasuna erabiliz, herri-eskubidea eta gure borondatea delako.
Beraz, orain ere zure beharra dugu. Herri-kontzientzia baduzu, maite badituzu gure herria eta euskara, garapen ekonomikoa eta soziala eskutik doazela argi badaukazu, gero eta gizarte bidezkoagoa bultza nahi baduzu eta etorkizunari begira gure lurraldearen egonkortasun ekonomiko eta soziala nahi badituzu, eta ziur nago nahi dituzula, zuk zeuk daukazu giltza Gipuzkoa eta Euskadi hobeari bidea emateko. Eta giltza hori, demokraziaren arma baketsu bezain indartsua da: botoa. Zure botoa. Maiatzaren 26an, eskatzen dizut botoa emateko EAJri.
Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.