05 nov. Euskararen biziraupena
Iruñetik 10 kilometrora dagoen Irulegiko herrixkan topatutako brontzezko eskuan, duela 2.000 urteko baskoien euskararen testigantza harrigarria azaldu da. Aurkikuntza garrantzitsu honek ondoko galdera egitera garamatza: nola lortu du euskarak, bere «txikian», hainbeste mendetan bizirautea?
Irulegiko herrixkan izango zen erromatar inperioaren ordezkariekin harremana jorratzeko latina ikasi eta erabiliko zuenik; testu horretan erabiltzen den iberiar alfabeto egokituak adierazten du bazituztela hizkuntza-loturak penintsulako beste kulturekin ere. Baina baskoiek etxeko atean horrelako euskal idatzi bat kokatu izanak argi adierazten du euren komunitateko harremanetarako ohiko tresna zela euskara.
Hor daukagu lehenengo lezioa: hizkuntza batek biziraungo badu, belaunaldiz belaunaldi transmititzeko ahalmena izan behar du, eta horretarako ezinbestekoa du komunitatearen oinarrian dauden familia eta lagunartearen komunikazio tresna nagusi izatea. Beste funtzio batzutarako erabil daitezke beste hizkuntza batzuk, baina etxeko herri hizkera izaten jarraitzen duen heinean biziraungo du. Funtzio sozialen konpartimentazio hori funtsezkoa da.
Argi dago, era berean, 2.000 urteko biziraupenak beste baldintza ezinbesteko bat duela: egonkortasuna. Hor dago bigarren koxka: denboran zehar modu egunkorrean mantendu da erabilera sozial herrikoi hori, eta horrek bermatu du belaunaldiz belaunaldi hizkuntza transmititzeko gaitasuna.
Mikel Zalbide euskaltzainak erabiltzen duen irudia neureganatuz, azken 50 urtean gure herriak egin duen ahalegin partekatu eta eredugarriari esker, etxeko teilatua konpontzen jardun dugu: hizkuntzaren batasuna, hezkuntza sistema, administrazioaren euskalduntzea, eta abar luze bat. Baina, bitartean, “bodegatik ura sartu eta zilborretik gora iritsi zaigu”. Kale neurketek agerian uzten dute zonalde euskaldunenetan euskararen erabilera atzeratzen ari dela, eta batez besteko erabilera ez dela %13ra iristen Euskal Herrian. Gipuzkoan, 2016tik bi puntu jaitsi da euskararen erabilera (%32,6tik %30,6ra). Denok ikusten dugu, egunero, hainbat neraberentzat euskara eskolako hizkuntza “serioa” dela eta ez diela balio lagunekin komunikatzeko, ez aurrez aurrekoan ez “on-line”.
Beraz, XXI. mendeko Euskal Herrian euskara eta erdararen arteko funtzio sozialen konpartimentazioa geroz eta gehiago ari da ahultzen eta horrek desegonkortu egiten du egoera. Hizkuntzen soziologiak alerta gorri guztiak piztuko lituzke: belaunaldiz belaunaldiko transmisioari eusteko ahalmena erabat ahultzen da horrelakoetan.
Horren aurrean ezinbestekoa dugu euskararen normalizazio prozesuan jauzi kualitatibo sendo bat egitea etxe, lagunarte eta kaleko erabilera indartzeko. 1982an Legebiltzarrak “Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea” gehiengo zabalez onartu zuenean argi zuen erabilera sozialaren kontu hori «gizarte-bizitzako alor guztietan». Gure hizkuntzaren “erabilera normalizatzea” zen (eta da) xede nagusia.
Asko daukagu jokoan. Gure herriaren biziraupena dago jokoan. Gure herritarren arteko bizikidetza dago jokoan. Ez baitzuen alferrik esaten Legeak berak: “Hizkuntza Euskal Herriko herritar guztien integrazio-tresna gisa aitortuz gero, euskal herritarrek hizkuntza arloan dituzten eskubideak lege-antolamenduan jasotzeari ekin behar zaio”. Beraz, bi prozesuak eskutik helduta doaz: gure herriaren izaera komunitarioa indartzea eta euskararen biziraupena.
Hizkuntzaren soziologiaren aita izan zen Fishmanek 2011an zioen bezala, globalizazioak mundu osoan sortu dituen gizarte konplexuei erantzuteko komunitate eleaniztun eta kulturaniztunak eraiki behar dira, eta horretarako funtsezkoa da hizkuntza gutxituek euren “etxea” bermaturik izatea.
Kezka handiz antzeman liteke gaur egungo zenbait adierazpenetan nola ari diren 1982ko kontsentsua alboratzen. “Askatasunaren” kontzeptua era guztiz okerrean erabiliz, epaitegietatik datozkigun eraso atzerakoiak zilegiztatu eta euskal hezkuntza sistemak behar duen egokitzapena zalantzan jartzen ari dira zenbaitzuk.
Aspaldi idatzi zuen Koldo Mitxelena handiak pasarte gogoangarri hau: “Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, gure hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntzen artean; handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia. Diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela ez gaitezela ghetoaren infernuan erori. Hizkuntza integrakuntza beste ezein bezain beharrezkoa dugu”.
Mitxelenak berak aipatzen zuen funtsezkoa dela hizkuntzaren auzi handia («la gran cuestión lingüística») mahaigaineratu eta konpontzea gure herrian. Ezinbestekoa da, beraz, euskararen normalizazioaren inguruko herri hitzarmen berri bat lantzea eta adostea, euskarak bere lekua izan dezan modu egonkorrean datozen mendeetan. Erakundeetako eta gizarteko euskalgintza behin eta berriro ari da bide berriak proposatzen. Arduraz joka dezagula herrigintzan gabiltzan tradizio politiko guztietako arduradunok.
Markel Olano Arrese
EAJ-PNVko kidea
Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.