25 abr. Ez botatzekotan zauden horri
Ez botatzekotan zauden horri, zuri idatzi nahi dizut oraingo honetan. “Denak berdinak dira”, “azkenean, zertarako” eta antzekoak entzuten dizkizut sarri eta aldiro erantzuten ahalegintzen naiz. Uste dut herriari eta herritar bakoitzari mesede gutxi egiten diola ikuspegi horrek, ez digula onik egiten gure erakundeei, alderdi politikoei, zehazki ni kide nauen EAJri, eta neuri ere. Mingarria zait. Horregatik saiatzen naiz kontrakoa arrazoitzen. Baina oraingo honetan botoa ez emateak zeuri zer kalte eragiten dizun adierazi nahi dizut.
Kongresu eta Senaturako hauteskunde kanpaina abaila bizian doa eta denbora honetan alderdi politiko guztietako ordezkariak ikusi ditugu mitin, elkarrizketa, eztabaida eta abarretan parte hartzen. Zeuk ere ikusi, irakurri edota entzungo zenituen, telebista edo irratia piztu ezkero, egunkaria hartu orduko edo interneten sartu-atera bat egin baduzu.
Nik denbora dexente eskaini diot kanpaina honi eta kezkati nago. Diskurtso erraz eta eslogan merkez jositako jarduna ugari. Edukietan baino gehiago, itxura hutsean oinarritutako komunikazioak. Prestaketa eskaseko eta neurria galdutako hautagaiak eztabaida politikoetan. Herriaren ordezkari izan nahi duten emakumeak eta gizonak errespeturik gabe, zein baino zein lotsagabeago eta erasokor, hitzak harriak balira bezala elkarri jaurtiz. Emakumearen kontrako erasoen gaia trakets eta negargarri erabiliz, emakume gazte baten ahotan gainera. Eta hau dena aski ez eta, gure herria eta urte askoan jasan dugun indarkeria aintzat ez hartzeaz haratago, modan dauden antzoki interaktibo bihurtu nahi izan dute Euskadi, Espainian botoak irabazteko, jendea zirikatuz eta giroa berotuz, ultrak tarteko, eta baita lortu ere nahi jende bat probokazioaren lazoan harrapatzea. Nahikoa dugu. Ariketa bat egitea eskatzen dizut bada: begietara begiratu eta esadazu lehian ikusi dituzun denak berdinak iruditu zaizkizula, eta azkenean alferrik dela botatzea.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako buru izateak sendotu didan gauzetako bat da, botoaren zentzua guztion ona kontuan hartzea dela alderdi bat aukeratuz, herri hau eta gure eskubideak defenditzeko erakundeetan. Izenik ez dut esango baina nola liteke batzuek gure herriari legez dagozkion eskumenak ukatzea, harro ukatu ere, boteretsuaren harrokeriaz. Kexu ginen herriaren nahia ezagutzeko trabak jartzen zizkigutelako eta Gernikako Estatutua bera betetzen joateko Espainiako gobernu ezberdinekin nahiko lan genuelako, estutasun larria sentitu behar baitzuten falta diren eskumenak uzten joateko (lasaitasuna ekartzen zien boto batzuen truke). Orain arte geldo eta geldi, eta orain, atzera eragin nahi dutenak datoz. Espainian diskurtso hori da errenta, eta beren Espainia zuzendu eta altxa beharrean, espainiarren mesederako litzatekeen eginkizun politiko printzipala, errazagoa iruditzen zaie etsaiaren politika egitea: beraien gaitzak euskaldunoi eta katalanei bizkarreratzea. Hori al da arduradun politiko bati eskatzen zaiona? Hori al da herriaren ona helburu izatea? Hori politikaren kontrakoa da, kultura atzerakoi eta arduragabea. Ez dugu horrelakorik nahi. Gure autogobernu politikoan aurrera egin nahi dugu, legez zilegi eta egitez ona dugulako, nahi eta behar dugulako. Begiratu Ebrotik behera eta esadazu ze gobernuk eskaintzen dizun gure herrian bizi dugun ongizate maila, kohesio soziala, osasun sistema, babes soziala, hezkuntza, ekonomia sustatzeko klima eta borondate politikoa. Orain ere ariketa bera egiteko eskatzen dizut: esadazu benetan denak berdinak iruditzen zaizkizula, eta berdin diola ez botatzea.
Euskaldun guztion etxe hau eraikitzen lana daukagu oraindik, eta inor ez gaude sobran, ezta zu ere. Atzera egiteko prest al zaude? Gauzak hobera aldatu nahi badituzu, bi aukera dauzkazu: kritika hutsean eta axolagabe gelditu edo zure botoarekin gauzak hobetzen jarraitzen lagundu. Utzikeriak atzerakoiei egiten die mesede. Zuri ez. Zure kalterako izango da, gu guztion kalterako.
Beraz, erantzun zure baitan ez botatzekotan jarraitzen duzun. Entzun zure kontzientziari eta horren arabera jokatu.
Eider Mendoza Larrañaga
Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.