04 mar. Gu, Emakume Abertzaleak
Ez gara aurrenekoak, izan ziren haien ondorengoak baizik. Gure aurreko emakume abertzaleen ezpaletik gatoz belaunaldiz belaunaldi eta haiek zuten herri-sena eta kemena berritu nahi dugu XXI. mendean, Eusko Alderdi Jeltzalearen politikagintzari gure ekarria eginez eta oraingo gazteengan euskaldun abertzale izateko irrika piztuz. Ez ditugu gure alabak eta semeak analfabeto politiko nahi, azken modako edozeinen arabera dantzan. Ez horixe. Abertzale izaten ikasi egiten da eta sinetsita gaude abertzaletasunari etxean hesi sanitario bat jartzea, kalterako besterik ez dela gure umeentzat eta herriarentzat. Esaten da Euskadik gazte prestatuak behar dituela lanerako gizaldi berrian. Hala da. Eta politikan ere gauza bera: gazteak abertzaletasunez jantziak behar ditu Euskadik, etxeko oinarrien gainean jasotakoak, kalean zaildutakoak, maila akademikoan aberastutakoak.
Guk, Gipuzko Buru Batzarreko emakumeek, ez dugu etxetik bota euskal politika ezta botako ere, are gutxiago gure umeak apolitikaren kale gorrian utziko, abertzaletasunean hezi gabe, jakinik Euskadirako garai erabakigarriak datozkigula. Halako batean politikak gazteen atea joko du, eta orduan zer? Sare sozialetako aztien edo auskalo ze interesek harrotutakoen atzetik joaten ikusi behar ote ditugu gure alaba-semeak, etxeko eskola politikoa falta izan dutelako? Suharra da politika, badakigu, eta horregatik abertzaleon lanetako bat da elkarrekiko begirunea eta elkarrizketa erakustea. Abertzaleak bai baina ez nolanahi eta nolanahikoak. Gure aukera erakutsiko diegu gazteei: Eusko Alderdi Jeltzalea.
Gu, Gipuzkoako emakume burukideak, Eusko Alderdi Jeltzalean ez gaude ezpain gorriak jartzen ditugulako. Eusko Alderdi Jeltzalean gaude Euskadi askatzeko grina kutsatu zigutelako, etxetik hasi eta batzokietan ikusten genituen emakumeek erakutsi zigutelako Euskadi dela gure aberria eta bere askatasuna dela gure ametsa. Ez daukagu ahazteko ez bazter uzteko, eta testigu hau altxa nahi dugu Emakumearen Nazioarteko Eguna gainean den honetan.
Horiek horrela, printzipio eta konpromiso hauek aldarrikatu nahi ditugu gaur ere, Eusko Alderdi Jeltzaleak emakumeei omenaldia egingo dien egunean:
- Euskadi da gure Aberria eta jatorriz eta borondatez bat den herria osatzen dugu, bere buruaren jabea, eta ez dugu beste inoren subiranotasunik onartzen.
- Euskara da gure herriko hizkuntza eta maite dugu. Euskara gutxiesten duen abertzaletasuna, gatz gezatua bezalakoa da: alferrikakoa. Gu, emakume abertzale izanik, euskaraz biziko gara lehenengo hitzetik hasita. Euskaraz ondo egitea defendituko dugu, ez nolabait eta nolanahi, euskaraz ondo egitea baita euskaldunok behar dugun begirunea.
- Euskadi indartu eta defendituko dugu gabiltzan toki eta esparru guztietan, emakumeon sormenez eta ahalmenaz. Guk etxea zainduko dugu, etxeko suan berotzen delako abertzaletasuna, etxetik hasten delako euskaldun izaten eta etxetik zabaltzen delako herria maitatzea.
- Mundu zabaletik gure artera datozenei esan nahi diegu, “ongietorri”. Jatorrizko erroak zaindu ditzatela eta lur berrian sustraitu daitezela. Emakumeak prest gaude: lagunduko diegu Euskadin sustraitzen eta euskaldun berri izaten.
- Emakumeak gizarte bidezkoa eraikitzeko gaude. Inor ez gara beste inor baino gehiago. Bereizketarik onartzekotan, ezintasunen bat dutenen aldekoa izango da jaiotzaz datorkiolako edo bizitzako gorabeherek eraginda. Emakumeok arreta berezia jarriko diogu ahulenak eta behartsuenak babesteari eta ezin bizitik eta gerrateetatik ihesi datozenak duin hartzeari. Herri-eginbeharra da eta gure gizatasunaren neurria.
- Euskadin gehiegi sufritu dugu indarkeria eta giza duintasuna urratzen duen jokaera. Ideologia suntsitzaileei aurre egingo diegu, gure aurrekoek bezala. Ez dugu onartuko indarkeriazko kulturarik ez etxean ez kanpoan, ez politikan ez gizarteko esparruetan. Gure esku dagoena egingo dugu handiak txikia ez zapaltzeko, bere duintasuna eta askatasuna defenditzeko, bai emakumeak direnean bai gizonak, eta bai herriak, bereziki eta lehenik Euskadi.
- Euskadiren historiaren trenean goaz eta joan nahi dugu, bakoitza bere lekuan eta denok bide beretik Euskadiren independentziarantz. Emakume izanik, gure onena emango dugu EAJk garatzen duen abertzaletasunak Europari eta historiari bere betea eman diezaion: erabakitzeko eskubide demokratikoa, herri baten askatasuna paperezko bozken bidez irabaztera goazelako, ez bonben bidez, ez odola isuriz.
Esan bezala, XXI. mendean badugu nora begiratu. Orain ehun urte emakume abertzaleak aitzindariak ziren eta haien bidea aitortu eta goraipatu nahi dugu, hezkuntzan, kulturan, hizkuntzan, justizia sozialean eta iragarpen politikoan bizi-bizi esku hartu zutelako, Europara erne. Gero, diktadurako urte ilunetan euskal nortasunari eutsi zioten eta Franco hil ondoren, batzokietan buru-belarri ekin zioten emakume haiei gure miresmena eta esker ona. Gora Euskadi askatuta!
Edurne Sansinenea, Idoia Elorza, Lourdes Jauregiberri, Irune Berasaluze, Begoña Tolosa eta Ainhoa Usandizaga
EAJ-PNVren GBBko burukideak
Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.