10 jul. Historia bizia: Foru eskubidetik erabakitzeko eskubidera
Uztailaren 2an, urtero, Bilkura Ibiltaria egiten dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Aurten Zumaian. Aspaldikoa da ohitura. 18 hiribildu zaharrenak izendatuta daude 1457. urteko liburuan, Batzar Nagusiak txandaka egiteko. Mendez mende iraun zuen honek Espainiako Gorteek Foruak deuseztatu arte. 100 urteko etena eta gero, 1995ean itzuli zen foru erakundea Zumaiara, hauteskunde ostean. Historian lehen aldiz, emakume bat aukeratua zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietako buru, Ester Larrañaga jeltzalea. Oraingo legealdian 27 emakume gara batzarkide eta 24 gizon. Honek ez dauka atzerabiderik. Gipuzkoako aintzinako ohituretan etxea zen ardatza eta gurasoek, sarri, alaba aukeratzen zuten oinordeko nagusi, ez semea, etxearen iraupenerako emakumea hobetsiz; ama ageriko zaigu seme-alabei abizena ematen; edota emakumeak negozioak eramaten. Hau ez da, noski, oraingo berdintasun eskubidea baina garai haietarako berezia zen eta balio digu gaurkoari geure ikuspegiz begiratzeko.
Beste gertaera nagusi bat: ETA bukatu da. Pertsona askoren bizia urratu eta etxe askotako bakea hautsi zuen. Baita Euskadikoa ere. Herria, izan ere, ez da tiroz askatzen. ETAk utzitako zatiketa gainditu eta banatu behar ez zena batzeko eta bakezkoak egiteko garaia da. Kontu handiz esan nahi dut hau, neurrigabe eta bidegabe sufritu duelako makina batek. Politikariak garenez, bakegintza da gure arduretako bat. Orobat presoen eskubideen alde ahalegintzea. “Errespeta bizia, elkarri merezia”, abesten zuen Xabier Letek. Bizikidetza baketzeko lau hitz.
Begirada Batzar Nagusien historiara zabaltzean, gure lege zaharrak ezagutu zituzten kanpotarren harridurarekin eta demokraziari egindako ekarpenarekin topo egingo dugu. Carnarvongo lord ingelesak miretsita dio XV. mendeko Bizkaiko foruak nola babesten zituen pertsona eta etxea, nola debekatzen zuten inor atxilotzea epaileak agindu gabe: “ohitura hau irmoagoa da gizabanakoaren alde egiten, hain maitea dugun geure Habeas Corpusa bera baino, eta askatasun britainiarraren berme ospetsua gure irletan sortu zenerako, euskaldunek mendeak zeramatzaten beren legea erabiltzen”. Gipuzkoan ere foru berdintsuak genituen. Kontua da Bizkaiak lehenago idatzi zituela Gipuzkoak eskubidea ohituraz eratzen zuen bitartean. Hala, bien foruetan debekatua zegoen zeharo bertakorik torturatzea. Ez dira Konstituzio modernoetako eskubideak, orain ehunka urteko euskal legeak baizik, gure Konstituzio historikoa, euskaldunen izaera independentearen adierazlea.
Estatu Batuen sorreran bertan, euskaldunok amerikarrei ez genizkien armak bakarrik bidali Ingalaterraren aurkako gerra egiteko. Amerikarrak, historiako lehenengo Konstituzio demokratikoa lantzen hasi zirenean, John Adams, Konstituzio haren egileetako bat, Europara etorri zen. Monarkia absolutuen artean, “errepublika demokratiko” bakan batzuk aurkitu zituen, adibidez, Suitzako Grisoien kantoia, Italiako San Marino, eta Bizkaia. Aztertu zituen foruak eta foruetan oinarritutako sistema politikoa eta eredugarriak iruditu zitzaizkion Estatu Batuetan sortu nahi zituzten erakundeetarako, ikusi baitzuen herria zela sujetu protagonista bere gauzak erabakitzeko. Iraultza frantsesaren ataria zen.
Geroxeago, 1801ean ibili zen euskal lurretan Humboldt jakintsu alemana. “Los vascos” liburuan dio: “Euskaldunak nekazaritzan, itsasoan eta merkataritzan aritzen diren herria dira. Ez dira gorputzeko onik gabe bizi, bestela ez baitago aurrerapen moralik. Antolaketa askea dute, jendaurreko eztabaidak jeneralean herriko hizkuntzan –euskaraz–. (…) Beren herrialde eta nazioa gogotik maite dute eta leial irauten dute beren aberriarekiko, baita ondasunak dituztenek, nahiz eta Gaztelako ohorezko tituluak jaso”. Gipuzkoako Batzar Nagusiei buruz dio “demokrazia hutsa eta osoa” direla. Estamentu-ordezkaritza zegoen Gorteetan: nobleak, elizgizonak eta ziutateak; ostera, Batzar Nagusietan herri-ordezkaritza aurkitu zuen herriaren gauzak erabakitzeko. Kanpotarrek bezala, badugu zergatik maitatu geok ere geure eskubide eta gobernatzeko era berezia.
Argi dago herri izatea aspaldikoa dugula. Gure eskubideak eta legeak ez genituen galdu uko egin genielako edo zaharkituak geratu zirelako, baizik eta kendu egin zizkigutelako Estatua egiten duen legediaren indarrez eta espainiar batasun zentralistak ezin zuelako eraman foruak herri-borondatearen adierazle zirela eta ez zeudela aldatzerik aldebakarretik. Ondo asko dakigu zer gertatzen den: auzia berpiztu egiten da. Herriak behin eta berriz eskatzen du bere askatasun eskubidea, eskubideak iraun egiten duelako herriak bereari eustean. Katalunia datorkit gogora: katalanek aukeratutako hainbat politiko kartzelan eta erbestean, herriaren askatasuna defenditzeagatik, ez kolpeka eta indarrez baizik botoz eta hitzez. Guztien askatasuna eta Kataluniara libre itzultzea eskatzen dut, eta katalanen borondate politikoari bidea ematea.
Hau guztia ez da historia bakarrik baizik eta, batez ere, historia bizia. Ez museoan erakusteko gauza aldaezina. Ez. Hau da foruetatik datozkigun eskubide historikoak eguneratu eta gaur erabiltzeko. Foruak esan nahi du eskubide propioa, guztiona, inor baztertu gabe. Ondorioz, eskubide historikoak ez dira atzokoen borondatea baizik eta gaur egun bizi garenon borondatea, nahi duguna aske erabakitzeko eskubidearen erabilera inspiratzen dutenak. Euskadiko estatus politikoa erabakiz demokraziari egitura eman behar diogun honetan, gipuzkoarrok eta beste euskaldunek ez dugu ordularia zero minutuan jarri beharrik, mendetako ondare aberats hori edukita.
Itsasertzeko herria, aspaldi ikasi genuen lur berrietara joaten, munduari bira ematen, lehena Elkano. Aniztasuna eta globalizazioa aipatzen dira egungo ezaugarritzat, baina horiek bezain egia dira herriak eta erroak. Frantzia, Espainia, Italia eta abar herriak dira beren barruko aniztasunaz eta kanpo-irekitasunaz, berdin Euskal Herria. Aniztasunak eta globalizazioak ez dute herria desegiten, ezta desegin behar ere. Puntu honetan, herri- eta identitate-egile indartsu bat ageri zaigu: hizkuntza, Euskadin, euskara. “Euskara / Hizkuntza bat ez ezik / Herri bat ere bada”, dio Gandiagak. Eta Mitxelenak, “Euskal Herria gaur egun bizi bada herria dela jabetuz, hori, batez ere, hizkuntzari esker da: herri baten historia bizia da hizkuntza, eta euskara, euskal herriaren historia bizia”. Filologo ospetsuaren arabera, “gizarte ikuspegitik hizkuntza bat hitz egiteak edo norberarena dela sentitzeak herri batekoa dela jabetu arazten dio bati”. Ikasiko ditugu gaztelania eta frantsesa, alemana, ingelesa… baina horiek ez gaituzte euskaldun egingo. Euskarak bai. Euskarak batzen gaitu Euskal Herri barruan eta bereizten munduan. Izena eta izana ematen digulako maite dugu, gure-gurea dugulako. Guretzat bezala nahi dugu euskara gipuzkoar berrientzat, urrutitik datozenentzat.
Gaur egungo mundualdia markatzen ari da migrazio handi hau. Gizalegez erantzun beharra dago. Kontrakoa eskandalua da, zer esanik ez XXI. mendeko Europan. Gipuzkoako historia zaharrean, oso barruan sartua ageri zaigu berriro berdintasuna. Udalerri bakoitzak zituen bere ezaugarriak, baina denek zekiten herri bat ez zela besteak baino gehiago ez gutxiago, eta horrek herria batzen zuen. Kontzientzia kolektibo hori gipuzkoarra da, baliagarria munduko bazter askotatik datozkigun pertsonak gipuzkoar berritzat hartzeko eta elkartasunez eta erantzukizunez herri izaten jarraitzeko.
Bukatzeko, Elbira Zipitria Irastorza goraipatu nahi dut, Zumaian jaioa 1906an. Diktadurako urte latzetan andereñoak prestatu eta haurrak hezi zituen. Manuel Lekuonak aitortzen du ikastolaren labeko sua ia itzalian zegoela, hark berpiztu zuela eta iraunarazi. Ezin dugu isilik pasa bere asmakizuna: Nor-Nori-Nork metodoa, 50eko hamarkadan aditza ume koskorrei irakasteko, eta gero helduei. Argia, langilea eta kementsua, euskaldun porrokatua, abertzalea. Emakumea. Eta ezezaguna, zoritxarrez. Batzuetan, politikakeria medio, aitzindari izandako hainbat gizon-emakume baztertu ditugu. Eskas gabiltza transmisioz. Zuzendu beharreko okerra da.
Beraz ba, izan gaitezen geu. Garrantzitsua da atzera begiratzea aurrera jotzeko. Gure herriaren ezagutza historikoa ezinbestekoa da identitate pertsonal eta kolektiborako, Euskal Herri izateko eta munduan egoteko. Izan gaitezen gipuzkoar euskaldun gure geroa pentsatzen eta demokrazia eraikitzen, berdintasuna sendotzen eta giza duintasuna indartzen. Badugu zerk argitu erabakitzeko eskubidearen bidea: gure konstituzio historikoen eguneratzeak, guztion artean Euskal Herri baketu eta askea egiteko, guztiontzako bizitoki duin eta ona.
Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.