08 Feb. Ikasgaia: demokrazia
Matrikula aurrekoak egiteko garaia da. Seme-alabek ahalik eta heziketa eta prestaketa onena hartzea nahi izaten dugu eskolan. Zientziak direla, letrak direla, aurrera egiten ikusten ditugu umeak. Hala behar du. Nola helduko dira ba 18 urtera klasikoak irakurri gabe, logaritmoak ikasi gabe, ingelesez aritzeko gai ez direla… unibertsitatera edo lanbide heziketako goi ikasketetara? Eta botoa emateko garaia iristen zaienerako, zer? Zer prestaketa dute kultura politiko demokratikoaz?
Burutapen horiek nerabilzkien nire baitan, gaur zortziko Osoko Bilkura berezi bat zela eta. 16 eta 17 urteko neska-mutilak izan ditugu Batzar Nagusietan herri-ordezkarien tokian jarrita, Foru Aldundiarekin lankidetzan. Gipuzkoako lau ikastetxetan landu dute “Demogazte” izeneko egitasmo pilotua demokrazia, erakundeak eta politikaren jarduera ezagutzeko, Donostiako Lauaizetan, Zarauzko Lizardin, Tolosako Herrikiden eta Urretxu-Zumarraga ikastolan.
Lehen aldiz egin dute gazteek halako saio bat Batzar Nagusietara etorrita. Guretzat ere berria izan da. Ez dakit egunen batean gipuzkoarren ordezkari izango diren batzarkideen jarlekuetan ikusi ditugun neska-mutiletako batzuk, eta ez dakit politikaz hitz egiteko ohitura duten ere gauza bat da ziurra, guztioi eragiten diguten gaiez erabakitzea egokituko zaiela. Botoa emateko adina bete orduko gazteek ate joka dute demokraziaren deia. Ondorioz, herri-ardura da belaunaldi berriei botoaren garrantziaz jabearaztea.
Saiatu nintzen Osoko Bilkuran azpimarratzen demokrazian botoak duela indarra eta garrantzia. Botoa indar baketsua dela, indarkeriaren alderantzizkoa; botoa emateak erabakitzeko askatasuna eta erantzukizuna eskatzen duela; eta herritarron boterea dela, gutako bakoitzarena, erakundeak eta erabaki politikoak zilegi egiteko; bozkatzeak hitza betetzea eta betearaztea agintzen duela; eta ideologia eta pentsaera anitzeko gizon-emakumeak elkarrekin bakean bizitzeko bidea ematen duela.
Baina, demokrazia ez da egun bateko lana. Demokrazia eguneroko borroka da eta iraunkortasuna eskatzen du; bakoitzaren beharra du baina lan kolektiboa da. Errazagoa da demokrazia esatea demokrazia egitea baino. Bat ez da demokrata jaiotzen, demokrazia ikasi egiten da, eta demokrazia ikasteko eskola bakarra dago: giza eskubideak, askatasuna eta bakea zaintzea eta sendotzea, elkarrizketaren bidez. Gure alde honetan demokrazia jokoan jartzen duten bi gai handi ditugu, axolagabe utzi ezin gaituztenak, giza eskubide indibidual eta kolektiboak ukitzen dituztelako: etorkin, errefuxiatu eta naufragoena, gerratetik eta gosetetik ihesi, Europa hotz eta zorrotz batek ateak ixten dizkiela; eta Katalunia, politikoak preso eta erbesteratu politiko, herriaren nahi demokratikoari bidea emateagatik. Ez dira zapalduz eta indarrez konponduko, giza eskubideak betez baizik. Demokrazia demokraziaren indarrez bakarrik sendotzen baita, ez indarkeriaren indarrez eta giza eskubideak urratuz, nahiz eta lege forma izan. Eztabaida pizten du honek baina ez dago ezkutatzerik, gazteei ere ez.
Beraz, ez dago lasterbiderik ez bide lasterrik demokrazia eraikitzeko. Mikel Ayestarani entzun genion astelehenean, Ignacio Ellacuria Saria jasotzean, “fast” batzuk boladan daudela, “fast food”, “fast information” eta “fast politics”, 140 karaktereko erantzun xinpleak arazo konplexuei, pentsatu beharrik izan ez dezagun. Hortik ez dator gauza onik. Gaur egun dabilen azpilan handia kontuan izanda, bereziki gazteek hainbeste erabiltzen dituzuen sare sozialetan, askatasunez mozorrotutako zapalketa ibil daiteke, gezurra barra-barra eta jendea nahasten, erakundeak ahultzeko eta demokrazia hondatzeko. Argi horrekin.
Entzutearen balioa azpimarratu nien ikasleei amaieran. Hitz egiten ohituta gaude politikan. Baina zentzuz hitz egiteko beharrezkoa da entzutea, herriari entzutea, errealitatea ezagutzeko. Errealitatea ikusten ez duen jarduera politikoa gaizki ibiliko da, eta herria ere ondo ez. Beti entzun behar zaio herriari, herritarrei. Entzun bai, baina zentzu kritikoz, kontzientzia demokratikoa heziz. Demokrazia ikasiz.
Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.