16 jun. Politika jaso eta demokrazia defendatu
Begi irekiko politika edo begi itxikoa, herriari eta inguruari begiratzen diona edo bere buruari besterik ez. Hemen eta Europan politika ez dago aparte gizarteko kultura-joeretatik, politikaren ikuspegi indibidualista eta atomizatutik, izaera kolektiboa eta orokorra herrenka. Gauza handia da politika baina gaizki ulertu ezkero, uste dezakegu ondo bizitzeko eskubidea ematen diguna besterik ez dela, herri-sena albo batera utzita. Kontua ez da pertsona bakoitzaren balioa ahaztea, alderantziz: politika “nahieran” txarra da norbanakoarentzat eta gizartearentzat. Ez ote dago hor jarduera askoren gakoetako bat, ondorio larriak dituena?
Behar-beharrezkoa da lidergoa politika ez erortzeko. Liderraren ezpala, gobernu izan edo oposizio, neurtzen duen gauzetako bat da jendeari egia esatea, nahiz eta garratza edo deserosoa izan, eta arazoak zuzentzeko norabidea jartzea; bide okerrak salatu eta ezetz esateko ausardia, harrokeriarik gabe; ikuspegi luzez eta pazientziaz aritzeko prest egotea, irabazi politiko azkar eta iragankorren gainetik iraupena baloratuz. Politikaren sinesgarritasuna halakoetan irabazten da edo galtzen. Demokraziak nahitaezkoa du politika. Beraz, erne iruzur politikoarekin, gaitz larria da-eta herri-ordezkaritzak bete behar dituenak ez betetzea eta egin behar ez dituenak egitea.
Buruan darabilt errefuxiatuak jasaten ari diren tratu gizagabea eta lotsagarria, hainbat agintariren politika eroa eta motza, europar gizarteetan jendearen elkartasun- eta zuzentasun-nahia aintzat hartu ordez, ongizate-gizarteen alde ilunak hauspotuz, berekoikeria, bakoitzaren segurtasuna, besteekiko axola eza. Herriari zor dioten dirua Panaman edo dena delako zulo fiskaletan gordetzen dutenen jokaera ere, doilorkeria galanta. Ustelkeriaren larritasuna ez da ekintza gaiztoa delako bakarrik baizik eta luze-zabalean heda daitekeelako eta egoera pertsonal eta kolektibo bilakatu. Engainuaren beste ondorio bat itxura hutseko politika da, etsigarria, lotsa galduta, zorrotza bestearekin eta gai ez gizartearentzat lan egiteko.
Herri-eskubideak ukatzea ere zer da, iruzur politikoaren beste alderdi bat besterik? Gure kasuan, adibidez, demokratikoki erabakitakoei begirune eza, auzi politikoa konpontzeko elkarrizketari eta akordioari mespretxu egitea; kalterako da politika judizializatuz erabaki demokratikoak indargabetzea ere. Hitzari errespetua galtzea da beste oker bat, esaterako, erdizka hitz egitea urtetan giza eskubideen urraketa larrien ondoren; edo txapel batekin bi buru tapatu nahi izatea kontzeptu politikoak desitxuratuz, kasurako, erabakitzeko eskubidea. Eta Espainian? Elkarrizketa eta adostasunerako ezgaitasun eskandalagarria, eskaparateko politika hutsala, demokraziari eta herritarrei begirunerik gabe.
Giro honetan fenomeno bat piztu da: populismoa. Populistak ez dauka erreparorik antipolitikaren armak hartzeko. Erasoa –ez kritika politikoa, beharrezkoa eta zilegia lehia politikoan–, lehiakidea suntsitzeko. Demagogian ere eroso mugitzen da populista, edozer gauzari txalo eta men eginez, agintea helburu bakar. Hala, populistak higuina dio politikaren funtsezko tresnari: elkarrizketari. Erabakietarako, berriz, heldutasunaren etsai porrokatua da.
Hortik ez dator gauza onik. Zentzugabeak dira bakea, elkartasuna, zuzentasuna, askatasuna alferrik galtzen dituzten buruzagiak: kostata eraikitako kultura politiko eta demokratikoa hondatzen dute. Arduragabeak, berenari soilik arreta jarriz eta jendeari bizkarra emanez aritzen diren herri-ordezkariak: politika gaixotu eta agortu egiten dute. Dohakabea, populismoaren menpe erortzen den herria: azkenean, injustizia nagusi.
Politika ez da abstraktua eta deslokalizatua, konkretua eta errotua baizik. Guri dagokigu euskara eta euskal nortasuna bizkortzea hizkuntza ahaltsuen artean eta globalizazioan; gainean dugu demografiaren desafioa, gazteen beharra eskolan eta lanean erreleboa hartzeko; lehia biziko giroan hil hala bizikoa da elkartasun kultura sendotzea, beharrean direnak babestu eta bertakotzeko; burutzeko dauzkagu giza eskubideekiko eta elkarrekiko begirunerako bideak; egiteko baita ere herriak behar duen jauzi politiko demokratikoa.
Erronkak serioak dira eta ezin diegu heldu politikarik gabe. Politika eta bere baliabideak, ordea, ez dira mugagabeak, errealitatea bera ez den bezala. Elkarrizketatu, bereizketa zuzen egin eta etorkizuneko erabakiak hartzeko aldia da. Kontuz gai handietan elkar neutralizatzen ibiltzearekin eta hiperkomunikazioarekin, politika blokeatu bait daiteke eta demokrazia ahuldu. Gauza bat da aurrenekoa: egiten den politikak funtsean ona izan behar du, pertsonentzat eta herriarentzat delako. Ideologiak zernahi direla eta aniztasunaren barruan, obligazio politiko batek batu behar gaitu: herria maitatzeak. Hori da egiazko bokazio politikoa nire iritziz.
Politika duinak indar eraldatzailea du. Jendearekin elkar hartuz eta herritarren heldutasuna aintzat edukiz, herritarren kontzientzia demokratikoa sendotzen duen motorra da politika eta, aldi berean, herria bere buruaren jabe egiteko akuilua. Horra politikaren balioa. Iraganean bezala, Gipuzkoari bere ekarpena egiten jarraitzea dagokio orain ere, sormenez, ausardiaz, erabakimenez. Konbentzituta nago konfiantza, itxaropena eta ilusioa pizten dituela herrian benetako politikak, erakargarria dela eta herritar ardura motibatzeko gai. Sinetsita nago politika jasotzea dela giltzarria hain beharrezkoa dugun demokrazia defendatzeko.
Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.