03 jun. Unidos/Bildu Podemos. Aurrera darrai demagogiak.
Azken bolada honetan sumatzen ari garenez, hondakinen kudeaketaren gaia Gipuzkoako agendan sartu nahian dabil EH Bildu, hondakinen balorizazio energetikorako planta edo errauskailua, hain zuzen.
Betiko okerreko bidean sartu dira beste behin, hau da, alderdiaren interes eta beharrak gipuzkoarren beharrekin nahastea; beren etxean duten ohitura hori baita: erradikalenak direnek beren irizpidea inposatzea. Oraingoan, gainera, Podemos-en segizio ordainezinarekin (eta interesatua guztiz).
Podemos alderdiarena ez da ezer berririk. Abisatuta geunden. Esaten baitzuen Joseba Egibarrek orain egun batzuk: “Podemos itsasontzi handi bat da, baina komenientziazko bandera askorekin. Portu batera iritsi behar bada, erabakitzeko eskubidea tokatzen da. Beste batera porturatu behar bada, beste bandera bat ateratzen da. Eta hori guztia, gainera, jakineko toki batean erabakitzen da”. Bada Gipuzkoako portuan, zaborrak dira komeni zaien bandera.
Podemos-ek 2015eko foru hauteskundeetako programan, orain urtebete eskas, Europako Zuzentarauaren hierarkia berretsi zuen hondakinak kudeatzeko: Aurrehartu-Gutxitu / Birziklapena / Balorizazioa/ Eliminazoa, eta hitz hitz honela idatzi zuen: “Birziklatu ezin diren materialak bakarrik erabiliko dira energia berreskuratzeko, zabortegietan botatzea, praktikoki desagertu egingo da. Hondakinen kudeaketarako foru politikak hartu beharko lukeen bidearen gaineko markoa da hori, loteslea dena eta bide horretan jartzen duena” eta “hondakinen kudeaketarako gure politikak errausketa eta isurtzea minimizatzeko bidean jarri behar ditu (epe ertainean inolako isurketarik ez egiteko helburuarekin, Zero Zabor ikuspuntuaren arabera); hori guztia, birziklapen, berrerabilpen eta konpostajerako ehuneko altuak konbinatuz. Erabat desagertzea lortu arte, bai errausketak, bai hiri hondakinak zabortegietara botatzeak dagokion tokian jarri behar dira hondakinen kudeaketaren hierarkian, hau da, beti honako hauen atzetik: aurre-hartzea, berrerabilpenerako prestatzea eta birziklapena”.
Podemos-eko jaun-andreok: horixe da PIGRUG dokumentua, 2008an Batzar Nagusietan Foru Arau gisa eguneratu eta onartu zena, hain zuzen.
EH Bilduri dagokionean, bere horretan segitzen du. Ez da izpirik mugitu errausketa ekiditeko Atez Ate/Zabortegia planteamendutik; hori baino gehiago, argi erakutsi du aurreko legealdian ez dela gai izan gipuzkoarron arazoak konpontzeko (horixe gertatzen da Gobernuaren ardura eskura izan eta ibilbide jakinik gabe aritzen denean). Hori bai, gai da justu alderantzizkorako, hau da, gehiengoaren akordioak hausteko eta zama demagogiko argia duen bere borondatea inposatzeko. Hitzetatik ekintzetara pasa da, egiten dakiena egiteko: suntsitu.
Azken lau legealdietan zehar lortutako adostasun demokratiko eta gehiengoarenak indarrean diraute. Ez dago zalantzan hondakinen kudeaketaren amaierako irtenbide bakarra errauskailua denik.
Juan Carlos Alduntzin Bilduko Ingurumen foru diputatuak berak esan zuen aurreko legealdian, esate baterako, “«errausketa ez da berez txarra, baina azken helburua eragozten du: birziklatzea»” edo “«sekula ez zenidan entzungo toxikoa denik»” horiek agerian uzten dute ezker abertzalea.
Carlos III unibertsitatearen txostena da Bilduk aurkezten duen bakarra errausketaren arriskuen berri emateko. Ez ditu aintzat hartzen Osasunaren Mundu Erakundearen txostenik, edo Osakidetzarekin, edo UPV-EHUrenik, Alemaniako Berdeenik, ikerketa toxikologienik…
Foru Araua onartu zenetik ez da ezer aldatu azken urteotan. Ez, behintzat, onerako.
Bilduk errespetatu izan balu gehiengoaren borondate demokratikoa, 2014rako lanean behar zuten egin behar ziren azpiegiturak, horri gehitzen badiogu, zabortegirik ez dugula, behin behineko konponbide urgentziazkoak bilatzera garamatza.
Bilduren “nirekin ala nire kontra» mezuari, garai bateko sabotajeak gehitzen zaizkio eta Podemos-en biraketa, orain komeni zaion bandera ateraz; hori guztia bi helburu argiekin: asaldura eta propagandan elkarri egiten ari diren markaketa gogorra, batetik eta EAJ-PNVri ezarri nahi dioten desgastea, bestetik, gipuzkoarrek eman ez dieten balizko gehiengo demokratiko eta sozialaren aitzakia erabiliz.
Bildu eta Podemos “kontra” egiteko guztian egongo dira “Unidos”. Baina argi dagoen gauza bakarra da, ez dutela Gipuzkoako hondakinen arazoaren konponbiderik; dagoeneko konponbidea dagoena bestetik.
Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.