Xabier Arzalluz, Euskadik merezitako gidaria

Xabier Arzalluzekin bizi izandako makina bat une datozkit gogora. Funtsezkoen artean lehena, beti euskaraz hitz egiten genuela elkarrekin. Gaztetan, ezagutu nuenean, oroitzen naiz ze garrantzia ematen zion euskara indartzeari euskal autogobernua berreskuratzeko orduan. Euskadiren izatea euskararekin lotua ikusi zuen hasieratik, euskaldun izatea euskararen biziberritzean jokatzen zela. Gure herriko hizkuntza defenditu eta euskal arimari hats eman dion tradizio jeltzale jatorrenarekin bat egin zuen apustu hartan: euskara bai eta bai. Eta asmatu egin zuen.

Bete betean asmatu zuen Eusko Alderdi Jeltzalea herri honetako politika demokratikoaren gidaritzan jartzean ere, armen menpe jarri gabe. Pistolak eta bonbak ez ziren gure aberria askatzeko, ez Ajuriagerra eta aurreko buruzagi jeltzaleen herentzia, diktadura luze eta latz hartan, ez Francoren ondorengo une historikoan eta Europako testuinguruan egin beharreko aukera, inola ere. Sen oneko kultura eta inteligentzia politikoaren jabe zen eta, arazoak arazo, garbi ikusten zuen elkarrizketari ez zitzaiola inoiz atea itxi behar. Ez Estatuarekin ez Ezker Abertzalearekin ez inorekin. ETAren amaiera ezinbestekoa zela pentsatzen zuen Euskadiri indarkeriaren katea kentzeko. Hala, gogoratzen naiz, Estatuko gobernuko ordezkariekin egon ginen batean nola esan genien EBBk bere esku zegoena egingo zuela irtenbide elkarrizketatua bilatzeko. Eta ETAri argi hitz egin geniola beti: negoziazioetan, pistolak kanpora. Ezin zituen eraman armadunen harrokeria eta itsukeria hura; indarrak eta okasioak alferrik galtzeko bidea besterik ez zitzaion iruditzen.

Erdiz erdi asmatu zuen euskal autogobernuari tresna finantzari-ekonomikoa ematean ere. Gure diruak, geuk bildu eta geuk erabili. Guk, geure Ogasuna, esan ohi zuen, eta ea zein etortzen zaigun zergak jaso eta diru hura kentzera! Ez zen Madrilez fio. Inoiz ere ez. Azken aldian Kataluniari adi bizi zen, jakinik Madrilen “botak” ez duela erreparorik herrien askatasuna zapaltzeko. Estatuaren “botak” eta brunete mediatikoak zenbat eta presio gehiago orduan eta iparra irmoago, ez zen kikiltzen ez norabidez nahasten. Bere aukera eta interes politikoa Euskadin hasten zen eta Euskadin amaitzen, eta Euskadiren kausarekin senide diren herrien alde egiteko ez zuen zalantza egiten. Gure herria indartzean zegoen gakoa Arzalluzentzat, euskalduna prest egoteko gure Herriak jauzi politikoa egin behar duenerako. Bazekien jarduera politikoaren mugekin jokatzen, azken helburuak eta nortasun ideologikoa saldu gabe.

Bazekien zatiketa kalterako dugula. Konbentzituta esaten zigun abertzaleen artean ados jarri behar genuela erabakitzeko eskubideari bidea emateko. Burua hotz zuela esaten zigun hori baina ondo dakigu bihotza berotzen ziola abertzaleon elkar hartzeak. Eusko Alderdi Jeltzalea Euskadi Estatu independente izatera bultzatzeko bitartekoa zela esaten zigun mitinetan, ahotsean sugarra eta indarra. Eta hori ez ahazteko.

Ez dugu ahaztuko, ez. Hartuko dugu, Xabier, zuk utzitako testigua, Euskadi bere buruaren jabe egiteko, euskaldunon erabakiari bidea zabaltzeko. Zuk egindako ekarria neurtuz diot, gutako askok aho batez diogu: merezi du euskaldun izatea, merezi du abertzale izatea, merezi du jeltzale izatea.

Begoña, besarkada estu bat, eta Asier, Usoa, Miren, saminean lagun.

Agur, Xabier, gidari eta lagun mina, agur Egun Handira arte, betiereko Aberri Askean elkartu arte.

Gora Euskadi askatuta!

 

Joseba Egibar Artola

No hay comentarios

Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.