26 urr. Etsipenaren kontra
Markel Olano Arrese
Mundu osoan autoritarismoa indartzen ari da eta aurpegi desberdinak ditu. Europan eta mendebalde osoan neofaxismoaren haizeak jotzen du. Aldi berean, autoritarioak diren munduko beste zenbait herrialdetan (Errusia, Txina, etab.), antzinako bloke komunistaren jokabide inperialista indartzen ari da. Blokeen arteko talka horrek berekin du gerra ideologikoa. Hori dela eta, mundua bi muturren arteko gatazkara doala dirudienean, ideien inguruko debatea ere bi muturren arteko lehiara bideratzen ari dela ematen du.
Eta galdera da guk nola jokatu prozesu global horretan. Euskal Herriak bi eredu kontrajarri horien arteko hautua egin beharko du? Ala ba da alternatibarik? Nire erantzuna da baietz, alternatiba izan, ba dugula, eta begi aurrean dugula.
Joseph Stiglitz Ekonomia Nobeldunak mendebaldeak nozitzen dituen arazo nagusiak laburbiltzeko, kontzeptu bakarra darabil: etsipena. Herrialde aurreratu askotan neoliberalismoak ekarritako desarautzeak desberdinkeria neurrigabe handitu du eta populazioaren batez besteko hezkuntza maila ahuldu. Gizarte horietan, gainera, areagotuz doaz segurtasun-gabeziaren irudipena eta erakunde sistemarekiko urruntzea. Horrek guztiak etsipenera eraman du gizarte zati handi bat. Hortxe dago, ziurrenik, neofaxismoaren hazkundearen iturburu nagusia.
Desberdinkeriaren fenomenoa ongi ulertzeko, nolanahi ere, garrantzitsua da mendebaldeko herrialdeen sistema industrialaren eboluzioa aztertzea. 1980ko hamarkadan mendebaldeko industriaren krisi gogorrak eraldaketa eta modernizazio sakona eragin zuen, baina ez modu homogeneoan. Gurean, adibidez, enpresen lehiakortasuna mantentzeko eta indartzeko estrategiak diseinatu ziren (Jon Azuak martxan jarri zuen Cluster estrategia, Europako Batzordeak bultzatu zuen espezializazio adimenduna, teknologia zentroen ugaritzea, oinarrizko zientzia sistemaren eraketa, etab.).
Beste herrialde batzuetan, aldiz, eraldaketa prozesu horrek porrot egin zuen eta, ondorioz, desindustrializazioa eta klase ertainen txirotzea gertatu zen. Bilakaera horren ondorioz hedatu zen etsipena da, seguru asko, brexit edo Trump direlako fenomenoen oinarrian dagoen detonatzailea.
Euskal Herrian katastrofe hori saihestea lortu genuen, ETA gailurrean zegoenean lortu ere, gainera. Miraria izan zen, baina joandako urak errota ibiltzen ez. Prozesu global horiek gurean eragin zuzena dutenez, zenbait baieztapen egin nahi nituzke ur handi hauetan euskaldunon nabigazioa gidatu dezaketenak.
1) Industria egitura aurreratu eta osasuntsua mantentzea da desberdinkeriari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena. Aurten eman da argitara GINI indizearen azken datua Gipuzkoan. Indize honek gizarte batean aberatsenen eta txiroenen arteko aldea neurtzen du. 23 punturekin, Gipuzkoa da, Eslovakiaren atzetik, Europako eta, beraz, mendebalde osoko GINI indize onena duena. Gure industria eraldatu genuelako gertatu da hori, baina ez horregatik bakarrik.
2) Ekonomia sozialaren garrantzia izugarria da gizarte kohesioa indartzeko. Adibide pare bat, Mugimendu Kooperatiboak eta gizarte politiken kudeaketan murgildurik dagoen hirugarren sektoreak ekarpen izugarria egiten diote gure eredu sozioekonomikoari. Administrazio publikoak ekonomia sozialarekin lortu duen aliantza da, zalantza izpirik gabe, gure giza garapen iraunkorraren ezaugarririk garrantzitsuenetarikoa.
3) Stiglitzek berak dio, ikuspegi neoliberalari aurre eginez, kapitalismoa kate motzean lotu behar dela. Ikuspegi aurrerakoi horrek aurresuposizio garrantzitsu bat dauka: merkatu ekonomia dela aberastasuna sortzeko, eta beraz aberastasuna ondoren banatzeko markorik egokiena. Merkatu ekonomiatik at ez da aberastasuna banatzen, txirotasuna baizik.
4) Enpresen lehiakortasuna funtsezko helburua delarik, lan harremanen esparrua bera ere garai berrietara egokitu behar da. Lan baldintza duinen bermearekin batera, langileen partehartzea sustatu behar da eta lankidetza kontzeptua eta praxia enpresaren bihotzera eraman.
5) Gure eredua ataka estuan dago, alde batetik, eskuin muturra eredu neoliberalak indartzen ari delako mendebalde osoan. Baina, aldi berean, ezker muturraren tesiak indartzen ari direlako arlo politikoan, sindikalean eta baita gizarte mailan ere. Ez da kasualitatea kalean eta gazteen artean alternatiba komunista hedatzen ari dela ikustea.
6) Euskal herritarrok gure ereduaren garrantziaz (bir)jabetu beharra daukagu, eta argi ikusi etxekalte dela zeresan handiko zenbait eragileren jarrera iraultzailea. Adibidez, EH Bildun nagusitasun osoa duen Sortuk bere proiektuaren muinean sistema kapitalista gainditzeko helburua kokatzen duenean, eredu sozioekonomikorako publifikazioa aukeratzen du ekimen pribatuaren kaltetan, gizartearen giharra ahulduz. Bidea ez da klaseen arteko borrokan sakontzea, klase ertainak sendotzea eta gizarte kohesioa baizik. Asko dago jokoan eta herritarrok ardura handia daukagu gure herriaren etorkizuna eraikitzeko unean.
Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.