20 ots. Herdoilik gabe
Duela hogeita hamar urteko gertaerak eta orduko giroa kontatzen dizkiet etxeko gazteei: zenbateraino bizi eta sentitzen genuen politika, nolako eztabaidak izaten genituen urte-zaharreko afari luzeetan, ze urduritasunez bizi izan zuen gure attittek EAJren haustura eta haren poza inguruko alderdikideak Arzalluzekin ikustean, ETAren atentatuek sortzen zuten nahigabe humano eta politikoa… Aipatzen diet jota utzi ninduen eskolako lagunaren aitaren hilketa, eskolako beste lagun batzuen gurasoen atxiloketak, lagun-arteko elkarrizketak eta eztabaidak, karteladak, mitinak, manifestaldiak… Bizi-bizi geneukan herriaganako maitasuna, bakearekiko konpromisoa eta injustiziaren kontzientzia.
Alaba jaio bezperan hil zuen ETAk Ernest Lluch eta mutiko gazteena jaio eta hilabetera amaitu zuen borroka armatua behin-betiko. Ez dute ezagutu. Ez dute sufritu. Ez guk bezala, zorionez. Herri honetan gertatutakoak kontatzen dizkiet, amnesiarik ez baitut nahi. Giza duintasunaren errespetua ikastea eta bidegabekerien aurkako kontzientzia garatzea nahi dut, beren nortasunaren parte izateraino. Ulertzen dute giza eskubideen garrantzia, bizitza ez dagoela urratzerik ez inor hilez ez inor torturatuz.
Neketsuagoa gertatu zait politikaz interesa piztea. Ez zidaten erantzuten politikak ez diela ezer esaten baina argi uzten zuten lagunartean ez zutela sekula hitz egiten honetaz. Arrotza zitzaien, ia-ia zaharren gauzatzat jotzen zuten… baina urteek moldatzen dituzte gazteenak ere eta gauzak hasita daude aldatzen. Gustura jarriko nuke emoji bat irribarre-erdi bat eta betaurreko beltzekin. Antza, botoa lehenengo aldiz emateko aukerak badu bere xarma eta bizitzarako erabakigarriak diren aukerak egin behar horrek ere –adibidez, zer lanbidetarako prestatuko diren– koska bat igoarazten die heldutasunaren eskaileran. Jabetzen hasten dira botoa ez dela nolanahi botatzekoa. Botoarekin guztion gauzak erabakitzen ditugulako, etorkizun partikular eta kolektiboan eraginez.
Ez diet aginduko zeini bozkatu. Erakutsiko diet, nola ez ba, zein den nire aukera. Argi utzi nahi diet gure herriko aurrerapenak zerikusi zuzena duela herri ikuspegiz erakundeetan erabakitakoarekin. Gizarte babes-sistema sendorik ez genukeela izango zaintzarako berdintasun eskubidearen aldeko apustua egin ez bagenu: hilean 800 euroko pentsioa beste ondasunik ez duenak izango duela lekua egoitza batean, 3000 euro kostatzen den plaza, bizitzeko behar duelako, eta hori dela politika eta gizartea duintzen dituena. Ezin ahaztu euskara biziberritzeko hauspo politiko eta soziala, jarraitu beharrekoa. Unibertsitatean hasiko diren honetan, EHU erabaki politiko baten ondorioz sortu zela ere bai. Hau guztia herri borondatea gauzatzetik datorrela eta kosta egiten dela azpimarratzen diet, ez dirua bakarrik baizik kontzientzia demokratikoa behar dela. Esfortzu eta erabaki kolektiboz egindakoa herri honena da, gurea, eta hau ez dago politikarik gabe. Gero lan eta baldintza duinak nahiko dituzte eta horretan ere zerikusia daukagu. Esaten diet politikak ez duela jo eta paso egiten beraietaz eta beraiek ere ez egiteko.
Gai hauek hauteskundeetan nabarmentzen dira. Ohartarazten diet bilatzeko gure erreferente onak gizartean, kulturan, zientzian, ekonomian… baita politikan ere. Begiratzeko Espainiara eta inguru zabalera, begiratzeko Euskadira, eta alderatzeko. Erne ibili behar dugula gure politika-eskubideen urraketekin. Eta bertako hauteskundeak Espainiakoekin baldintzatu nahi diren honetan, argi izan dezatela gure etxea ez dugula indartuko interesa kanpoan dutenak nagusi jarriz.
Denbora eramaten dit familian hau ereiteak. Ez da alfer-lana. Kontzientzia politikoa piztu zaie gure seme-alabei eta beraien buruaren jabe izan nahi dute. Iritzi propioak dituzte eta adierazi nahi dituzte. Gaztaroa atzean geratu arren, bat ez da herdoiltzen gazteekin politikaz arituz. Sasoian jartzen du helduon gihar politikoa gazteekin ariketa egiteak eta erroak ematen dizkiegu gure ondorengoei euskaldun izateko eta mundura ateratzeko. Kosta egiten da, bai, baina merezi du.
Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.