03 aza. Hizkuntza politikak gizartearen ordezkarien auzia behar du izan
Ez da kontu berria gure hizkuntzak arazoak eduki izana Justizia Adminsitrazioarekin. Mendeetan justizia banatu behar zuen administrazioaren zati hori izan da injustuena gure hizkuntza komunitatearekin, bai erabili izan dituen prozedurengatik, bai eman dituen epaiengatik.
Hala, azken hilabeteotan harriduraz bizi izan dugu euskara jomugan izan duten hainbat sententzia bidegabe argitaratu izana. Sententzia horietan hizkuntza eskakizunen sistema eta administrazioaren euskarazko funtzionamendua jarri dira auzitan, labur esateko. Hainbat adituk adierazi dute sententzia horien atzean interpreta daitekeela, badagoela nahi bat hizkuntza politika gobernu eta legebiltzarretatik atera eta epaitegiek eurek ezartzekoa.
Iruditzen zait gizarte bezala argi dugula euskarak aurrera egingo badu, euskara hutsezko espazio fisiko eta funtzionalak beharko dituela: eskolak, herriak, fabrikak, udalak …. Ez da kapritxo bat, zientziak erakutsi digu. Azpian, egoera minorizatuan dagoen hizkuntzak bizitza osasuntsu bat izan dezan modu bakarra da. Batzuk berdintasuna deitzen diote horri, beste batzuk ekitatea edo justizia soziala. Kontua baita, ez bakarrik euskal hizkuntza komunitate gutxituak nola edo hala bizirik irautea, baizik eta, komunitate gisa, osorik garatzeko aukera erreala izatea.
Aldiz, azken hilabeteotako epaien bidez, gizarteko desadostasunak ebatzi behar dituen Justizia Administrazioak, 35 urtez euskararen auzian izan den nolabaiteko bake-soziala hautsi egin du eta, gizartearen zati haundi bat, indefentsio egoeran dagoela somatzera eraman du.
Baditugu, beraz, arrazoiak larunbatean Bilboko kaleak betetzeko. Baina biharamunean, gertatzen ari denetik ikasi eta lanean jarraitu behar dugu. Iruditzen zaigu datozen urteetan unibertsitateetako, zuzenbide fakultateekin batera, ahalegin haundiagoa egin beharko dugula hizkuntza zuzenbidean adituak sortzeko, euskararen indarberritzeak behar dituen tresna juridikoez eztabaidatu eta osatzeko, eta lege-arauak euskaratik eta euskaraz pentsatzeko.
Era berean, hizkuntza komunitate gisa, argi eta garbi aldarrikatu behar dugu, eskolaren ondoren, administrazioak behar duela izan hizkuntzarentzat hurrengo arnasgune funtzionala; urteetan gure gizarteak egin duen ahalegin erraldoiak segida izan dezan.
Eta azkenik, hizkuntza politikak bere eremu naturalera itzuli behar du. Hizkuntza politika ezin da epaileen kontu izan, inola ere; gure gizarteko gizarte eragileen eta ordezkari politikoen elkarrizketatik eta lanetik eratu behar dugu gure hizkuntza komunitateak behar duen hizkuntza politika.
Garbiñe Mendizabal Mendizabal
Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendaria
Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.