Swaps, Bildu edo egokia dena, toxiko nola bihurtu

Hondakinen gaian Bilduren zentzugabekeria guztia ulertzeko, baita swaps delakoei buruzkoan ere, horiek zer diren azaltzea komeni da.

Swap-a produktu finantziero bat da, horren bidez ziurtatzen dugu interes-tipoen aldaketek ez dutela proiektu bat arriskuan jarriko. Interes aldakorreko mailegua (euriborrari erreferentziatua) interes finkoko mailegu bihurtzea ahalbidetzen du.

Nola funtzionatzen du: Euriborra ordaintzen dio bezeroak bankuari, baina swaparen eraginez, aldi berean bankuak diruaren interesa itzultzen digu, eta bezeroak bankuari ordaintzen diona da swapean hitzartu den interes finkoa. Gure kasuan finkoaren %4,31 mailegua indarrean dagoen bizitza guztian.

Interes finkoko mailegu batean bezala, swaparekin badakizu zehazki zenbat ordaindu behar duzun interesengatik maileguak irauten duen denbora guztian. BEIk (Inbertsioetarako Europako Bankuak) eta banka komertzialak exijitzen zutena horixe zen, proiektua burutzeko arriskuak ekiditeko ziurtasuna. Bi horiek izan ziren, hain zuzen, Foru Arauan onartutako azpiegiturak egiteko dirua maileguan eman zutenak. Eta ziurtasun hori exijitzea oso ohikoa da tamaina horretako inbertsioetan.

2011ko otsailean GHKk swapa kontratatu zuen 223,4 milioi euroko kontratu bat egiteko, SINATUTAKO KONTRATU BAT egiteko. Fakturazio plan zehatz batekin. Eta ez bakarrik errauskailua eta TMBko plantarako: lekualdaketa guneak egiteko, Lapatx estaltzeko lanak …ere martxan ziren, ordainketa-epe zehatzekin, uneoro erabili beharreko mailegua ezagutzeko aukerarekin. Beraz, ez ziren imajinaziozko aurreikuspenak: eraikuntza kontratu sinatuak ziren, egutegian jarritako inbertsio planarekin eta exekuzioan… Bildu, GHK/Kontsortzioko organoetara iritsi zen arte

Swap horien gainean berriki eman den epaiak sakondu egiten du 2015ean Bilduk aurkeztutako demandari buruzkoan, azken hori ezetsia baita.

Bilduk 2015eko epaiari jarritako errekurtsoan erabilitako argumentuak banan bana desmuntatzen dira 176 baino orrialdetan zehar, eta hitz hitz honako hau dio: “Y pese a ser reiterativos los swaps contratados en los términos contractuales en que se hizo se acoplan perfectamente a los contratos de crédito a fin de que operen durante su vigencia como una autentica cobertura”. Aldi berean dio: “.. es claro que las partes no contrataron un producto de inversión autónomo y de carácter especulativo, sino que las permutas financieras (swap) se suscriben como cobertura del riesgo de subida de los tipos de interés variable referencial pactado en los contratos de crédito concertados con las entidades bancarias demandadas y con el BEI” Eta “… la finalidad de contratación de los swaps era evitar, paralizar o minimizar el riesgo de las variaciones de los tipos de interés que afectaba a esas operaciones de financiación, estabilizando así su coste financiero.”

Bildu, berea duen dogmatismoz beterik, legearen aurka aritu zen, Gipuzkoako parlamentua den Batzar Nagusiak mespretxatuz, berriki emandako epaiek dioten bezala, 2011n errauskailua paralizatuz eta kontratua bertan behera uztea erabakiz 2013an. Lurraldea azpiegiturarik gabe utziz eta izugarrizko ordainketak ordaintzeke utziz.

Epaian bertan argi adierazten dute epaileek ze alde dagoen arriskua estaltzeko swap baten eta swap espekulatibo baten artean: proiektua uzteagatik mailegua ez erabiltzea, eta finantziazio kontratua itxi gabe, Bilduk egin zuena alegia.

Hala guztiz ere, proiektua uztea erabaki zenean, bazegoen swapa desegiteko aukera, edo swap hori berriz erosteko, edo beste finantziazio batean erabiltzeko, edo beste proiektu batean, edo espekulatibo gisa mantentzeko (azken hori egin zuten). Garai horretan egiteak, 2011ko urrian, 20 milioi euroko kostua suposatuko zukeen.

Okerrena egin zuen Bilduk: proiektua utzi egin zuen, ordaintzeari utzi zion, bankuei demanda jarri zien eta, epaien ondorioz, bankuek erabakiko dute swap horiek erreskatatzea eskatuko duten ala ez. Negoziatzeko aukerarik gabe, ezer berreskuratzeko aukerarik gabe, 60 milioi euro ordaindu beharra dauzkagu.

2013an banketxeei jarritako salaketarekiko ezespeneko epaia 2015ean ezagutu zen. Epai gogorra izan arren, Bilduk nahiago izan zuen errekurritzea, aurreraka ostikoa ematea alegia, eta asmo bakarrarekin, ordaintzaile gisa beraiek ez azaltzeko, berriro ere, aurreikusitako plantak ez egiteko kontratua bertan behera uzteagatik, UTEari ordaindutako 11 milioiekin bezala. Ezer ez egiteagatik enpresa eta banketxeei milioietako kalte-ordainak ordaintzen azaltzea, surrealista izango litzateke Bildurentzat. Ezer ez egiteagatik, eta 2015ko udal eta foru hauteskunde bezperetan, gainera.

Ez dira onartzeko modukoak Intxaurrandieta eta Errazkinen barreak bere “lorpenak” gipuzkoarren aurrean azaldu zituztenean. Guztion interesaren alde egindako lan guztia, toxiko bihurtu zuten.

Litekeena da gu konbentzitu nahi izatea, alegia, beraien interesak gehienon interesak direla, baina egiatik gutxi du horrek.

Eskerrik asko Bildu!

Carlos Ormazabal Urbizu

EAJ-PNVren GBBren Burukidea

Ez dago iruzkinik

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.