AGItik Elkar-Ekin-era gizarteratze kontua

Hitz gogorrak entzun ditugu aste honetan, salaketa onartezinak ez diotelako errealitateari erantzuten. Ez da egia arrazakeriari eta xenofobiari haizea emango zaiela. Bertakotzeko baliabiderik ez jartzeak, horrexek harrotzen du kanpotarrekiko ezinikusia.

Erabaki garrantzitsua hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak: diru sarrera bermatzeko laguntzatik, AGItik, gizarteratzeko laguntzara igarotzea, Elkar-Ekinera. Izenak izana: orain artekoaren eta datorrenaren arteko funtsezko aldea da AGIak ez duela diru-laguntzak hartzen dituztenak gizartean txertatzeko biderik lantzen; Elkar-Ekinek, ostera, hortxe egingo du, gizarteratzean. Bilduren foru-gobernuaren ekimenez lau urteotan indarrean egon den politikaren hutsunea zuzentzeko egingo du aldaketa EAJren esku dagoen Gizarte Politikako departamentuak.

Gaur egun 1.417 diru-laguntza daude AGIaren barruan eta 2.500 pertsonari iristen zaio bitarteko hori, ia denak etorkinak. Orain arte, diru-laguntza jasotzeko nahikoa zen urtebetez erroldatua egotea. Hemendik aurrera, laguntza eskatzera doan pertsona bakoitza ze egoeratan dagoen begiratuko da, alegia, gizartetik bazterrera geratzeko zorian dagoen edota ze mailako bazterketa jasaten ari den. Baliabideen plan pertsonalizatua egingo da: akonpainamendua, formakuntza, hizkuntzak eta diru-laguntza. Hori guztia gizarteratze prozesuari lotuta egongo da. Ekain aldera onartzekotan da Foru Aldundia Elkar-Ekin plana.

Horiek horrela, hitz gogorrak entzun ditugu aste honetan, salaketa onartezinak ez diotelako errealitateari erantzuten. Ez da egia arrazakeriari eta xenofobiari haizea emango zaiela. Bertakotzeko baliabiderik ez jartzeak, horrexek harrotzen du kanpotarrekiko ezinikusia. Ez da egia ere jendea abandonatuta geratuko dela. Alderantziz da, bestelako erantzuna, hobea emango da pobreziari aurre egiteko.

Ona da justizia nahi izatea, baina kontuz: populismotik eta demagogiatik, ezkerrekoa izan edo nonahikoa, ez dator gauza onik. Zuzentasuna oker ulertu ezkero ez dago gizarte bidezkoagoa egiterik. Justizia ez da pertsonak, bertakoak eta atzerritik etorritakoak, bezeroak bagina bezala hartzea, laguntza publikoak eskatu, eman eta kito. Lehenbizi erakundeen obligazio politikoa dago guztion diruaren bidez elkartasun ahalegin bat egiteko, integrazioa eraginez. Politika integratzailea egitea da bakean bizitzeko giltzetako bat, eten gabe zaindu beharreko guztion ona. Bazterkeria, aldiz, indarkeriaren iturria da eta ez gaude prest gure artean su hori pizten uzteko. Aldi berean, lan indibidual eta kolektiboari esker eta erabaki politikoa medio, laguntzak jasotzen dituztenek beren betebeharra daukate: gizarteratzeko ahalegina egitea baliabideak ondo aprobetxatuz, Gipuzkoan bertakotuz joateko eta Euskadin errotzeko, beren herri berrian.

Esan gabe doa Gipuzkoak eta Euskadik ez dituztela munduko arazoak konponduko eta kontuan hartzen dugu gure baliabideak mugatuak direla. Badago muga bat, ordea, gure herri-borondatearen aurkakoa: atzerritarren etorrera Espainiaren esku egotea. Herri honetara datoz mundu guztiko jendeak. Horregatik, euskaldunoi dagokigu migrazio-politika bere osoan antolatzea, Euskadi europar estatuen mailan. Herri izanik, honetan ere ez dugu Espainiaren menpe egon nahi, gure buruaren jabe izan behar dugu. Euskadin, guztiok elkarrekin, guztiok ekinez.

Ez dago iruzkinik

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.