16 jun. Mendiko larreak eta artzaintza: Gipuzkoa, Europako ispiluaren aurrean
Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua
Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) eta NBEk erabaki irmo bat hartu dute munduko egutegian: 2026a Larreen eta Artzaintzaren Nazioarteko Urtea izendatzea. Gosearen aurkako borrokan eta nekazaritza jasangarriaren aldean munduko ahaleginen buru den erakunde honek, premiazko helburu bati erantzun nahi dio aldarrikapen honekin. Izan ere, hamarkadetan zehar, klima- eta elikagai-politikek nahiko baztertua izan dute sektore hau, nahiz eta larreek planetako lurrazalaren erdia inguru estaltzen duten. Alerta-deia argia da: lur horien ia % 50 degradatuta dago klima-aldaketaren, lehorteen eta industria-presioaren ondorioz, eta horrek komunitate osoen biziraupena arriskuan jartzen du.
Egoera larri honi aurre egiteko, artzaintzak eta abeltzaintza estentsiboak berebiziko garrantzia eta funtsezko papera jokatzen dute etorkizunera begira. Horregatik, artzaintza iraganeko ogibide zaharkitu bat dela dion aurreiritzi edo topikoa behingoz hautsi beharra dago. Nazioarteko urte honetako estatu-manifestuak argi uzten du: artzaintza eta abeltzaintza estentsiboa erantzun zientifiko, moderno eta abangoardista bat da klima-krisiari, lehorteei eta baso-suteei aurre egiteko.
FAOk berak bere erreferentziako paisaien mapan kokatu ditu ofizialki munduko tokirik handienak: Erdialdeko Asiako estepak, Andeak, eta guregandik gertuago dauden Alpeak eta Pirinioak. Izendapen hori tranpolin bikaina da gure errealitatea aldarrikatzeko; izan ere, Pirinioetatik pauso batera, Gipuzkoako mendiko larreek ekologiaren «Champions League» berean jokatzen dute.
Ikuspegia Europara zabaltzen badugu, Suitzan eta Alpeetako eskualdean gizarteak erabat barneratuta dauka artzaintza guztiontzako onura dela. Herritarrek heldutasunez ulertzen dute mendiko gazta batengatik (Gruyère d’Alpage) gehiago ordaintzea ez dela kapritxo gourmet bat, euren mendietako «lorezaina» finantzatzea baizik. Artzaina baita elur-jausiak prebenitzen dituena, basoak garbitzen dituena, karbonoa finkatzen duena eta turismoari eusten dion paisaia idilikoa mantentzen duena. Horregatik, Europan indar handia hartzen ari da «Ingurumen Zerbitzuengatiko Ordainketa» kontzeptua: legeen bidez artzaina ekonomikoki konpentsatzea, alegia, naturari egiten dion mesedeagatik. Hori da geure burua neurtzeko erabili behar dugun europar maila eta iparra, eta hori da, hitzetatik ekintzetara pasatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duena Zerbitzu Ekosistemikoen dirulaguntza deialdi bat argitaratuz.
Euskal Herrira eta, zehazki, Gipuzkoara gerturatzen bagara, gure lurraldeak ere, bere neurrian, ekarpen ikaragarria egiten dio klima-aldaketaren aurkako borrokari eta elikagaien hornidurari. Baina gure mendiko larreek eta artzaintzak haratago doan balioa dute: paisaia zaintzeaz gain, gure kultura, gure idiosinkrasia, gure landa-eremua eta gure herri txikien bizitasuna mantentzen dituzte. Gipuzkoako ereduak bete-betean erantzuten die NBEk eta FAOk mundu mailan eskatzen dituzten lau hobekuntza nagusiei:
Lehenik, ohiturazko gobernantza historikoak ingurumen hobea bermatzen du. FAOk kudeaketa-eredu inklusiboak eskatzen dituen bitartean, Gipuzkoan mendeak daramatzagu herri-lurrak elkarrekin babesten. Eta ahaleginean sakontzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) Goilarre izeneko programa jarri zuen abian: abeltzainak, udalak eta Aldundia bera elkarlana estutzeko eta larreen kudeaketa hobetzeko tresna aproposa.
Bigarrenik, gizarte-berrikuntzak eta sektoreko erreleboa. Arantzazuko Artzain Eskola (Gomiztegi), GAZTENEK programa, Baserritar Misto Profesionalaren figura edota Trebatu bezalako ekimenak norabide berean doaz: gure gazteak prestatu, babestu eta belaunaldi-aldaketa indartzeko ezinbestekoak diren politika aktiboak dira.
Hirugarrenik, bikaintasunak eta elikadura-burujabetzak nutrizio hobea ziurtatzen dute. Suitzarrek egiten duten bezalaxe, gure mendietan Idiazabal artzain-gazta dugu. Kontsumitzaile gipuzkoarrak bere erosketa-gurditik gure gailurretako biodibertsitatea eta ekonomia zirkularra zuzenean nola babes ditzakeen erakusten duen adibide bikaina da.
Laugarrenik, ekoizpen hobea, gure ingurunera egokitutako herri-gaitasunei esker. Gure mendietako erliebe eta klima gogorrari aurre egiteko, Gipuzkoako artzaintzak latxa arrazako ardi autoktonoa du oinarri. Belaunaldiz belaunaldiko hautaketari esker, bioaniztasuna errespetatzen duen eta gure mendietara erabat egokituta dagoen kalitatezko ekoizpen jasangarria bermatzen da.
Asko egin bada ere, asko daukagu oraindik egiteko. Erronka handiak dauzkagu aurretik, eta horien artean, ezinbestean, itolarri burokratikoa gutxitzea da nagusietako bat. Baina administrazioari malgutasuna eskatzeaz gain, gizarte gisa dugun kontzientzia areagotu beharra dago. Hiriguneetatik mendira goazenean, ulertu behar dugu paisaia eder hori ez dela berez esnatzen; atzetik lan gogorra eta sakrifizio handia daudela. Herritar gisa dugun kontzientzia hori gure kontsumo-ohituretan islatu behar da, bertakoa babestuz eta gure lehen sektoreari zor dion duintasuna eta balioa emanez.
Bukatu nahi dut Jon Sarasuak euskararen etorkizunari buruzko hitzaldi batean erabili zuen esaldi gogoangarri batekin. Euskarari bezalaxe, gure artzaintzari, mendiko larreei eta lehen sektoreari orokorrean bete-betean aplika dakiokeen gogoeta: haundia datorkigu, baina haundiak eginak gera. 2026ko Nazioarteko urte honek balio dezala erakusteko erronkei aurre egiteko gai garela, sustraiak sendo ditugulako eta gure mendien etorkizuna defendatzeko prest gaudelako.

Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.