Setien, euskal gotzaina Gipuzkoan

Jose Maria Setienen heriotzan bururatzen zaidan lehen gauza da gotzain bizitzan Gipuzkoari eta Euskal Herriari utzitako arrastoa. Vatikano II.eko gizona, tokiko eliza eta gotzain izatea banaezinak ageri dira beragan. Setien Gipuzkoan errotu zen eta gure herriko errealitateari erantzun zion.

Politikako egoera eta gertaerei buruzko pastoral idazkiak eta adierazpenak hartuta, ez dago zalantzarik: aberatsa, ugaria eta sendoa da bere ondarea. Nire iritziz, Euskadiko bakegintzarako eta gizartegintzarako etika giltzatu duen erreferenteetako bat dugu Setien. Nire esperientziaren arabera, politikaren autonomia kontu handiz errespetatu zuen, bere arlotik arituz, Elizaren ikuspegitik eta doktrina sozialetik. Entzuten zekien eta ahal zuen laguntza emateko prest egoten zen, bere askatasun eta nortasun handi harekin.

Setien ez zen gizon xinplea. Errealitate konplexuaren korapilo ugariak aztertzeko kapaz zen. Ez zen mugatu indarkeria gaitzestera; zuztarrera jo zuen: giza duintasuna lehenestera eta giza eskubideak, ahotsa altxatuz bai ETAren bai GALen aurrean, berdin Zuzenbide Estatuan onartezinak diren torturen aurrean. Arazo etikoari erantzun etikoa, eta arazo politikoari konponbide politikoa. ETAren desegitea izan berria dugun honetan, gaurkotasun handia dute duela 30 urte berak idatzitako hitzek: “Euskadiren bakegintzaren arazoari egiaz heldu nahi badiogu, erredukzionismo bikoitz hau saihestu behar dugu: bakearen arazoa ez da huts-hutsik politikoa, eta arazo politikoa ere ez da soil-soilik ETAren indarkeriaren arazoa. Euskal Herriaren normalizazioa ez da izango ETA, bere ekintzak eta estrategiak desegitearen ondorio hutsa. Beharrezkoa da, gainera, bidea egitea, oraingoz erabat finkatu gabe dagoena baina Euskal Herriaren borondate politikoarekin bat datorrena, bide horretan barrena herri hau eten gabe bere buruaren jabe eginez joan dadin, herriak bera izateko eta erakunde egokiak eratzeko duen eskubidearen arabera, bere borondatea gauzatzeko eta berezko errealitate politiko gisa izateko eskubidea betetzeko. Horrek izan behar du autodeterminazioaren benetako zentzua, ez nahitaez haustura ikuspegitik egina, baizik eta herri bat eraikiz bere erakundeak eratu eta antolatuko dituena, ahalmen hori kanpotik aitortuz eta barrutik onartuz”.

Zer esanik ez, politikaz haragokoa izan da Setienen ekarria. Diktadura ostean herri bat geneukan eraikitzeko, eta esango nuke, Donostiako Gotzain  bezala, elizbarrutiari bere onena atera ziola. Justizia sozialarekiko kontzientzia bizia zeukan, bai lurraldeko beharrei erantzuteko, drogomenpekotasunaren arazoei aurre egiteko,  munduko herri pobreekiko elkartasuna gauzatzeko eta abar.

Setienek, manipulazioa, iraina, eta  gezurra jasan zituen. Ez zen abertzaletasunarekin lerratu baina baten batzuei molestatu egiten zien haren egiak: “bakeak prezioa duela” esatea ez zioten barkatu herri honetatik kanpoko hainbat interesek, ez elizan ez arlo politikoan eta mediatikoan.

Setienek maite zuen egokitu zitzaizkion herria eta elizbarrutia, eta gipuzkoar askok  berdin ia 40 urtetan egokitu zitzaigun gotzaina,  leiala izan zelako, zailtasunean eutsi egin ziolako. Niretzat garbi dago Jose Maria Setien gizon handia izan dela Gipuzkoarako eta Euskal Herrirako, inguru hau hobetzen lagundu duelako. Beraz, nire esker ona Setien gotzain zenari.

Herri aske eta baketuen Egun Handira arte.

Joseba Egibar Artola – EAJ-PNVko Gipuzko Buru Batzarreko presidentea

No hay comentarios

Lo sentimos, el formulario de comentarios está cerrado en este momento.