Eskutxoarekin agurtzen hasi eta…

Bada liburu bat Umberto Ecorena “Ergelkeriatik zoramenera” izenburua duena. Azaldu beharraren kulturaz idazten du hasieran. Internet aurreko komunikazioan, gogoan dut telebistan agertzen zena edo irratian hitz egiten zuena ez zela edozein izaten baizik norbait garrantzitsua, zerbait esanguratsua esateko zeukana, itzala zuen pertsona. Halako batean, ikusi zuen norbaitek telebistako kazetaria kalean eta han igaro zen kamerari agur egiten eskutxoarekin; handik aurrera denak “telebistan ikusi zaitut!” esanez. Eta halaxe, osperik ez eta izar bihurtu. Eta gero, gerokoak. Edozein telebistan eta edozer gauza esaten… eta orain gizarte-sareak esku-eskura.

Sareak hasi zirenean, gizartea ikertzen duten adituek diote askatasunerako aurrerabide gertatu zirela, betiko komunikabideak interes handien menpe jarri zirenean. Eta orain? Oraindik bultzatzen dituzte askatasuna eta giza eskubideak, horien aldeko ahotsak altxatzen laguntzen duten neurrian, baina gero eta gehiago bihurtzen ari dira bestea egurtu eta larrutzeko, erreparorik gabe gainera. Are gehiago, eskandalu-bidea apropos emanez. Zenbat eta eskandalu handiagoa orduan eta oihartzun handiagoa. Azaldu, agertu mugagabeko mundu birtualean. Ego handiko ni txiki askoren plaza.

Giro honetan, lintxamenduaren kultura harrotzen ari dela ikusten ari gara. Pertsona batzuen hutsegiteak, gabeziak, testuingurutik ateratako hitzak, iragana, irudia, etab. gupidarik gabe erabiltzen dira neurrigabe hedatuz izugarrizko abailan, sare sozialek ahalbidetzen duten anonimotasunean edota urruntasunean ezkutatuta makina bat, azio horrek eragin dezakeen kaltea axola gabe. Bestearen larruan jartzeak ederki jaitsiko luke larrutze-ariketa, baita gure hitzak besteenekin biderkatuta eragin dezaketen eztandaz pentsatuko bagenu ere. Gogoeta serio bat egin beharko genuke. Gutako bakoitzak eta denon artean.

Ziberjazarpena aipatzean gainontzekoek egiten duten zerbait dela iruditzen zaigu, baina izan gaitezen gure buruarekin zintzoak: nola jokatu dugu zerbait biral bilakatu denean… bilakatzen lagundu dugunean? Adibidez, gertatu berria da Andoaingoa, Baltasar erregearen hitzen inguruan. Lerro hauek idazten ari naizela zaharkituta geratuko zen agian. Izan ere, kontsumismoaren legean dabil hau: ez da aski eskandalu batekin, eten gabe eman behar zaio jaten sareari. Eta herriari. Lotsagabetuta dabiltza ideologia arriskutsuak. Baltasarren paperean ari zen afrikar jatorriko gizonaren bizkarretik, jipoi galanta gizonari tuiterreko eta uaxapeko milaka makila astinduz, hura deportatzeko eta guzti eskatuz eta xenofobia gizenduz, EH Bilduri errua botaz, Andoaingo herria aztoratuz… Eta ura pasatakoan, hurrengoaren bila.

Ez dakit Erregeen desfileari zirrara eta xamurtasuna eskatuz hasi eta nola amaitzen dugun gure alderik makurrena azaleratuz. Ez naiz soziologoa ezta psikologoa ere, eta tresnak falta zaizkit guzti hori behar bezala aztertzeko. Baina politikan dihardut eta oso argi ikusten dut honi guztiari etekina ateratzen saiatuko direnak ez direla falta izango. Oraingoan etorkinen aurka, hurrena emakumeon aurka, eta horrela, ahul dauden gizataldeen aurka. Bada kontuz, aspaldi honetan robotak dabiltza, milioika, giza itxuran, bideo eta jardun suntsitzaileak bidali eta bidali. Eta gu, argi ez bagabiltza, horien mezulari.

Beraz, ez daukagu lan makala. Alde batetik, elkarrekiko begirunea ez dezagula galdu eta errukia ere ez ahaztu, eta  hezi eta erakutsi diezaiegun jokaera hori gure gazteei. Beldurgarria da sareetan ereiten den giroa, bestea larrutu arte zigortu beharra, nolabaiteko itsualdi eta histeria kolektiboak jota bezala, batzuen azpilanaren ondorioz… Eta bestetik, zentzu kritikoan heztearen garrantziaz jabetu beharra daukagu, gezurra makinatzen dutenen atzaparretan ez erortzeko. Egurraren kultura hau gelditzeko gai ez bagara, auskalo. Egungo krisia gauza konplexua da baina argi ibil gaitezen gizartean era masiboan hedatzen dugunarekin, Euskadin eta Europan hainbeste kostata lantzen ari garena, eta koloka sumatzen duguna, sendotu eta berritu nahi badugu. Bakea ez baita nolanahi eraikitzen eta bermatzen, giza eskubideak eta demokrazia errespetatuz baizik.

Ez dago iruzkinik

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.