Ez Gabon atarian bakarrik

Egun xamurrak datoz. Aitortzen dut asko atsegin dudala Gabon giroa: kaleak argiz apainduta, jendea adeitsu eta irribarrea erraz eginez, etxekoekin momentu ederrak pasatzeko irrikatan, egongelan jaiotza eta arbola goxo-goxo elkarren ondoan jarrita, etxeko txikia nola saiatzen den txintxoaren kontuak esaten Olentzerori eskutitzean eta gu barrezka, aita-amak eta anaia-arreba zaharragoak, mutil koxkorra intentzioarekin eskatzen ikusita, eta maite ditugunentzako opari aproposenaren bilaketa, Gabonetako menuak amarekin pentsatzea… luze joko lidake giro goxo hau aletzeak.

Zorionekoak ginela esaten zuen gure amamak, ezer ez genuelako falta. Baina ez zuen konplazentzia aurpegiz esaten, ez. Eta honakoa esaten zuen gero: “mundu triste hau, gerra eta gosea alde guztietan”. Niri oso ikuspegi ezkorra iruditzen zitzaidan hori, zer esanik ez ama izan nintzenean eta entzuten nuenean “eneeeeee, a zer mundu utzi behar diegun gaixo hauei”. Espiritu ezkorra iruditzen zitzaidan eta ez nuen niretzat nahi, baikortasunak injustiziei aurre egiteko gogo bizia ematen duela iritzita. Baina markatu egin ninduen. Txiki-txikitatik. Ez ikuspegi triste horrek, baizik eta gu baino okerrago dagoen jende ugari dagoela jabetzeak. Gugandik hurbil eta gugandik urrun.

Eguneroko bizitzan pertsona askorekin dugu harremana lanean, kirolean, familian, lagunartean, aisialdian… eta horrek gizatalde bateko kide egiten gaitu, gainontzekoekin lotura bat sortuz, eta geure bizitzari ere zentzu bat emanez. Alegia, geure buruaz haratago begiratzeak gure bizitzari zentzua ematen dio. Eta horrek izen bat dauka: elkartasuna.

Egun goxoak datoz, bai… baina, bai ote? Pentsa dezagun “zerbait” eta “norbait” falta zaion jendeagan. Kaleko argiak, jaiotzak eta arbolak nahikoak ez dituztenak, oparirik erosi ezin edo emateko inor ez dutenak, Olentzero eta Erregeen liluraz gozatuko duten txikirik ez daukatenak, otordu goxoa konpartitzeko inor ez dutenak. Gurea lurralde solidarioa da, gipuzkoarrak solidarioak gara eta erakundeek beharrean dauden pertsonak babesten lan egiten dute, besteak beste, elkartasunaren kontzientzia barneratua daukaten herritarrei esker eta esfortzu kolektiboaren aldeko aukera aspaldi egina dutelako.

Gogoan izan ditzagun gure aurrekoen irakaspenak eta jarrai dezagun kate horri eusten, gure ondorengoei solidario izaten erakutsiz. Eta baita gizatalde bezala ere, herri bezala, modu kolektiboan beharrei aurre eginez. Kontuz ibil gaitezen eskuin-muturreko mugimendu horiekin, kezka handia eragiten dute, arrazoi eta argumenturik ez baina oihartzuna franko. Arriskutsuak dira oso, gure herrien, emakumeen eta etorkinen inguruan esaten dituztenak entzunda orain arte lortutakoa hankaz gora jar dezakete, nahiz eta hobetzeko tarte eta lan handia daukagun oraindik. Ez da txantxa.

Honen harira buruan dabilkit Manuel Castells soziologo ospetsuaren hitzaldia, lehengoan Diputazioan, demokrazia liberalaren krisi globalaz. Ohartarazi zuen arreta gutxitxo jarri zaiola gertaera bati, Salvini Barne ministro italiarra, Bannon, Trumpi garaipena eman dion gizona, eta Frantzisko aita santuaren etsaia den eliz-sektorea nola ari diren elkar hartzen Erromatik hurbil monasterio bat kuartel nagusi bihurtuta, eskuin muturra Europan antolatu eta zabaltzeko. Ezin dugu lozorroan egon eta bestaldera begira geratu. Euskadin azken berrogei urteotan eraiki duguna, pobreziari aurre egiteko eta gizarte bidezkoagoa egiteko politikak, gizon-emakumeen duintasun eta berdintasun kontzientzia eragitea, euskalduntasuna bultzatzeko erabakiak… hori guztia defenditu beharra daukagu. Honetan ere jokatzen dira elkartasuna eta gure euskal izaera. Urtetan denon artean jasotakoa ez dezala eskuin muturrak bota, ez inork.

Azken hitz bat. Izan gaitezen eskuzabal, baina ez soilik orain, Gabon atarian gaudelako eta kontzientzia lasai izan nahi dugulako, baizik eta bestearengan arreta jartzeak, beharrean dagoen pertsonarekiko kezka azaltzeak pizten duelako gure ona eta gizarte osoarena bilatzeko benetako gogoa.

Eguberri zoriontsua guztioi eta Urteberri on!

Eider Mendoza Larrañaga

Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria

Ez dago iruzkinik

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.