Feminismo abertzalea

Gure buruaren jabe izateko eskubidea emakume DNAn daramagu aspaldi samarretik feminismoari esker. Saiatzen naiz arreta jartzen genero-bidegabekeria salatzen duen feminismoari eta, aldi berean, adi egoten feminismoz mozorrotutako mikromatxismoari. Asko aurreratu dugu, egia da. Adibidez, EHUko ikasleen erdiak baino gehiago, 18.000, neskak dira; Osasun, Zientzia, Arte eta Humanitate matrikulen 10etik 6-7 neskenak dira; Ingeniaritza eta Arkitekturan heren bat. Argi dago prestatuta gaudela erabakitzeko eta buru izateko enpresetan, elkarteetan, erakundeetan, gizonak adina.

Politikan argazkiak ikusi besterik ez dago. Gipuzkoako Batzar Nagusietan bertan, 700 urteko historian, 1995ean aukeratu zuten lehen aldiz emakumezkoa lehendakari, Ester Larrañaga jeltzalea. Orain 27 emakume gara batzarkide eta 24 gizon. Eta auzia ez denez soilik zenbaki kontua, emakumearen autoritatea da barneratu eta aitortu behar duguna, bai geuk bai gizonek. Etxetik kanpo emakumeak agintzea aski berria baita eta gizonaren itzala oso luzea, mendetakoa. Beraz, badago zergatik borrokatu.

Hemen, emakumeen deiadarraren tonu unibertsalari euskal azentua jarri nahi diot. W. von Humboldt-i, “Los vascos” liburuan dionez, bereziak iruditu zitzaizkion euskal emakumeak gaztelarren aldean, etxetik kanpo lanean eta negozioak eramaten. Ez zen feminismoa, ez noski, baina emakumea gizonaren menpeko ez izateko borrokak lur bat du, landua, euskal eremuan. Harritzekoa al da XX. mende hasieran emakumeek berehala heltzea Euskadiren kausari? 30.000 emakume antolatu ziren, antolatu!, Emakume Abertzale Batzan. Horra erreferenteak: euskaran eta ikastolan Elbira Zipitria, frankistei eta naziei aurre egiten Bittori Etxeberriaren espioi emakume-taldea. Alegia, gauza berriak ondo itsasteko eta sendo hazteko, hobe inguru bakoitzean errotzea. Emakumeon burujabetasun beharra euskal errealitatearekin uztartuz, aski arrazoi dugu protestarako. Beraz, bai: Martxoaren 8an greba feminista abertzalea egingo dut. Eta 9an, lanera.

Eider Mendoza Larrañaga

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Lehendakaria

Ez dago iruzkinik

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.