Debabarrena indartu

Debabarrena eskualde industriala izan da historikoki, eta, horri esker, ongizate sozioekonomiko handia izan du. Izaera ekintzailea eta lankidetza izan dira gure bereizgarriak, eta beti egin dugu aurrera balio horiei eutsiz. Balio horiek nabarmendu nahi ditugu, bizi dugun atzeraldi-egoeratik ateratzeko.

Duela urte batzuetatik hona industriak indarra galdu du Debabarrenan; eta horri biztanleria-galera nabarmena gehitu behar diogu.

Gainbehera hori 2008ko krisiarekin hasi zen, eta, orain, areagotu egin da COVID-19aren pandemiaren ondorioz.

Gure eskualdeak azken urteotan izan duen bilakaeraz kezkatuta, egoerari aurre egiteko Eusko Legebiltzarrean ponentzia bat sortzeko beharra ikusi dugu. Eta helburu horrekin, Debabarrenako erakunde eta eragileekin diagnostikoa partekatu ondoren, adierazle, datu eta gogoeta ezberdinetan oinarritutako ekimena aurkeztu dugu.

Alde batetik, gure bailararen izaera industrial nabarmena kontuan hartu da, enpresa eta enplegu ugari sortu baititu, hamarkada luzeetan ongizate-iturri izan direnak. Industria-enplegua galtzearen eta enpresak ixtearen ondorioz, Debabarrenan trakzio-enpresak eta tradizioz indartsuak izan diren sektoreak mantentzeko funtsezko ekosistema industriala arriskuan dago.

Horregatik, funtsezko bi erronkari egin behar diegu aurre: industria-sarea biziberritzeko beharrezko prozesuari eta inbertsio- eta berrinbertsio-proiektu berriak erakartzeari.

Bestalde, biztanleria-galera handia izan dugu, % 15,6 jaitsi baita azken bi hamarkadetan, baina – Zehaztu daiteke – Egoera hori zertxobait suspertu dela azken urteotan, atzerritarren etorrerari esker.

Gainera, populazioaren zahartzea agerikoa da; eta prozesu hori gure eskualdean bakarrik gertatzen ez bada ere, beste leku batzuetan baino nabarmenagoa dela ondoriozta dezakegu.

Egoera sozioekonomikoaren beste adierazle batzuek ere Gipuzkoako batez bestekoa baino datu okerragoak ematen dituzte: langabezia zifrak, edo pobrezia eta gizarte-bazterketako tasak, bereziki herri batzuetan.

Azkenik, gure eskualdeko orografiak hiri-garapen konplexua izatera eraman gaitu, herri batzuetan besteetan baino gehiago. Eta industria txikiak eta enpresak hiriguneetatik ateratzeak birsortzeko premia handia duten auzoak utzi dizkigu, eta, kasu askotan, esku-hartze integralaren beharra dutenak.

Hirigune eta auzo jakin batzuetan hirigintza biziberritzeko proiektuak garatzeak edo etxebizitza-parkea birgaitzeak, bereziki auzo ahulenetan, kohesio eta oreka soziala lortzen lagunduko digute.

Hori guztia kontuan hartuta, beharrezkotzat jo dugu gure eskualdearen egoerari aurre egitea, duen egoera Eusko Legebiltzarrean aztertuz; ondoren, hainbat neurri hartu eta biziberritze-prozesu bat abian jartzeko, tokiko zein beste eremu batzuetako erakunde eta eragileei entzunez.

Euskadiren lurralde-garapen orekatua nahi dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da gure eskualdeen aldeko apustu irmoa egitea, jarduera ekonomikoa indartzea, bizi-kalitatea bermatzea eta hobetzea. egungo polarizazio-joerak hautsiko dituena lurralde-proiektu bat sortzea, da benetako kontua.

Irune Berasaluze Lazkano

Ez dago iruzkinik

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.