HERNANIKO ERREPRESIOA ETA FUSILAMENDUAK

Arantzazu Rojo. EAJ-PNVko Aberri Batzarreko kidea

1936ko udazkenean Hernanin bizitako tragedia

Hernaniko hilerriko hormek ez dute hitz egiten, baina 1936ko udazkenean gertatutakoaren lekuko isilak dira. Horma haien aurrean, ehunka pertsonen bizitzak eten zituen errepresio frankistak. Han fusilatutako askoren delitu bakarra beren ideiei, herriari eta askatasunari leial izatea izan zen.

1936ko irailean, Donostia eta Gipuzkoako lurralde gehiena indar matxinatuen esku geratu zenean, errepresio politiko gogorrari eman zioten hasiera. Agintari militar berriek atxiloketak, espetxeratzeak eta exekuzioak antolatu zituzten, erregimen berriaren aurkakotzat jotzen zituzten herritarrak isilarazteko eta gizartean beldurra zabaltzeko.

Hernanin gertatutakoa ez zen salbuespena izan. Gerra Zibilean Euskadin ezarritako errepresioaren parte izan zen, baina baditu bereziki gogoratzeko ezaugarriak: fusilamendu ugari toki berean pilatu izana eta, besteak beste, hainbat euskal apaiz abertzale  hil izana. Horien artean zegoen Jose Ariztimuño Olaso, Aitzol, euskal kulturaren eta abertzaletasunaren historian erreferentzia nagusietako bat.

Hernaniko hilerria Gipuzkoako errepresioaren ikur bihurtu zen.

Presoetako  asko Donostiako Ondarretako espetxetik eramaten zituzten bertara. Militantzia politikoagatik, jarduera sindikalagatik, euskal kulturarekin zuten konpromisoagatik edo salaketa pertsonalen ondorioz atxilotuak izan ondoren. Beldurrak, mendekuak eta aurkari politikoak desagerrarazteko borondateak markatu zituzten hilabete haiek.

Aste haietan, presoz betetako kamioiak iristen ziren Hernaniko hilerriaren ingurura. Aske utziko zituztela esaten zieten. Gezur horrek are krudelagoa bihurtzen zuen gertatutakoa. Askatasunaren itxaropenarekin ateratzen ziren espetxetik, baina heriotza zuten zain. Militarrek, falangistek eta erreketeek osatutako taldeek fusilatzen zituzten.

Azken hamarkadetan egindako ikerketa historikoek ehundik gora biktimaren nortasuna argitzea ahalbidetu dute. Ikerketa horien arabera, 1936ko udazkenean Hernanin exekutatu eta lurperatutako pertsonen kopurua berrehundik gorakoa izan zen.

Josebe Goya hernaniarraren lekukotzak tragedia haren giza dimentsioa gogorarazten digu. “Haietako asko hobi komunetan lurperatu zituzten, izenik gabe, agurrik gabe eta senideei azken besarkada emateko aukerarik gabe”.

Euskal nazionalismoaren aurkako errepresioa

Gipuzkoako errepresio frankistak ezaugarri nabarmen bat izan zuen: euskal nazionalismoaren aurkako jazarpena.

Errepresioak ezkerreko militanteak, errepublikazaleak eta sindikalistak kolpatu zituen, baina baita Euzko Alderdi Jeltzaleko afiliatuak eta jarraitzaileak, Euzko Langileen Alkartasuneko kideak, euskal kulturarekin konprometitutako apaizak eta Emakume Abertzale Batzako emakumeak ere.

1939an Parisen argitaratutako “ Euzkadi bajo el régimen de Franco. La represión en Gipuzkoa” lanak dagoeneko nabarmendu zuen biktimen artean euskal nazionalistek zuten presentzia handia. Ondorengo ikerketek eta berreskuratutako dokumentazioak errepresio haren hedadura hobeto ezagutzeko aukera eman dute.

Hernanin fusilatutakoen artean alkateak, zinegotziak, sindikatuetako arduradunak, batzokietako presidenteak eta tokiko buruzagiak aurkitzen ditugu. Baina baita inolako kargu publikorik izan ez zuten militanteak, langileak, enpresariak eta herritar arruntak ere.

Horien artean zeuden Gabino Alustiza Echeverría, Aiako alkate jeltzalea; Chavez Aguizu Izurrategui, Aretxabaletako batzokiko presidentea; Manuel Garbizu Echeverría, Pasai Antxoko batzokiko presidentea; Raimundo Galdós Azkarretazabal, Arrasateko ELA-STVko presidentea; Miguel eta Venancio Gastañares anaiak, arrasatear abertzale eta sindikalistak; Leintz Gatzagako León Beitia; Juan Bengoa Agiriano, Urretxuko udal-idazkariaren semea; Ángel Tormes izeneko militanteak, bata EAJ-PNVri lotua eta bestea STVri; Cosme Yagüe eta Bautista Aginaga; Rafael Barkaiztegi eta izen bereko semea; Juan José Izeta, Urnietako zinegotzia; José Añorga, Lasarte-Oriakoa; eta Raimundo Gamboa Aurrekoetxea, Galerna ontzian atxilotutakoetako bat, Aitzolekin batera. Azken hori urriaren 18tik 19rako gauean fusilatu zuten.

Izen horiek guztiak historia zabalago baten zati dira. Ez dira zerrenda bateko izen hutsak. Gipuzkoako herrietan errotutako sare politiko, sozial eta kultural baten ordezkariak dira.

1958ko Guardia Zibilaren txosten batek berak jasotzen zuen Hernaniko hilerrian Gabino Alustiza lurperatuta zegoela, hainbat euskal apaizekin eta beste 190 pertsona ingururekin batera.

Datu horrek errepresioaren tamaina erakusten du, baita urte luzez gertatutakoa ezkutatzeko edo bigarren mailan uzteko ahalegina ere.

Fusilatutako gehienek ez zuten inoiz erantzukizun politikorik izan. Ez ziren buruzagi militar ospetsuak, ezta borroka armatuan nabarmendutako pertsonak ere.

Haien aurkako jazarpenaren arrazoietako bat abertzale izatea zen. Euskal herriaren nortasuna, hizkuntza eta etorkizuna defendatzea.

Emakumeak ere: isilarazitako historiaren protagonistak

Errepresio frankistak emakumeak ere jo zituen. Hala ere, hamarkada luzez haien sufrimendua bigarren mailan geratu zen.

Baina emakume haiek ere bazuten  izena, izana,  historia eta konpromisoa.

Felisa Goñi Biurrun Hernaniko maistra zen. Frankisten okupazioaren ondoren hil zuten, eta haren gorpua Tolosa eta Berastegi arteko inguruan desagertu zen. Carmen Aramburu Oyarzabal Hernaniko bizilaguna 1937ko urtarrilean fusilatu zuten. Emeteria Casimira Aramburuzabal, berriz, erosketak egitetik itzultzean atxilotu zuten, nahiz eta ezagutzen zitzaion jarduera politikorik ez izan. Dominica Artola Echeverría militante komunista baten ama izateagatik hil zuten. Nieves Urra Ochoa de Aldari zaurituei laguntzea egotzi zioten, eta epaiketarik gabe exekutatu zuten.

Bakoitzaren historia desberdina da, baina guztiek erakusten dute errepresioak ez zuela mugarik ezagutzen.

Horien artean, bada bereziki hunkigarria den izen bat: María Bengoa Elorza.

Mari, Arrasateko gaztea, Emakume Abertzale Batzako kidea zen. Ez zen buruzagi politikoa, ezta arduradun militarra ere. Euskal nazionalismoaren balioekin konprometitutako neska gaztea zen, emakumeek euskal gizartean gero eta protagonismo handiagoa hartzen zuten garaian.

Emakume Abertzale Batza ez zen soilik erakunde politiko bat. Euskal kultura, hezkuntza, elkartasuna eta gizarte-laguntza sustatzen zituen mugimendua ere bazen.

Marik hamazazpi urte besterik ez zituen Hernanin fusilatu zutenean.Bizitza osoa zuen aurretik. Baina norbaitek erabaki zuen haren ideiek heriotza merezi zutela.

María Bengoa Elorzaren historia,  Indarkeria politikoaren ondorioak noraino irits daitezkeen adibide lazgarria da.Errepresioak ez zituen soilik buruzagiak eta militante ezagunak kolpatu. Irakasleak, amak, langileak eta gazteak ere hartu zituen jomugan.

Euskal apaizen fusilamenduak: gurutzadaren kontraesana

Hernaniko fusilamenduek badute beste ezaugarri berezi bat: euskal apaizen aurkako errepresioa.

1936ko udazkenean, euskal kulturarekin eta abertzaletasunarekin lotutako hainbat apaiz hil zituzten Hernanin. Ikerketa historikoen arabera, zortzi erlijioso fusilatu zituzten bertan.

Horrek Hernani euskal kleroaren aurkako errepresioaren leku esanguratsuenetako bat bihurtu zuen.

Guztien artean ezagunena Jose Ariztimuño Olaso, Aitzol, izan zen.

Apaiza, idazlea, kazetaria eta euskal berpizkunde kulturalaren bultzatzaile nagusietako bat, Aitzolek bere bizitzan fede kristaua, euskal nortasunaren defentsa eta konpromiso soziala uztartu zituen

1936ko urriaren 15ean, Galerna ontzia atzeman zutenean, Aitzol atxilotu zuten. Ondarretako espetxera eraman, eta egun gutxiren buruan Hernanin fusilatu zuten.

Harekin batera, beste zazpi apaizen izenak agertzen dira Hernanin exekutatutakoen artean: Martín Lecuona, Gervasio Albisu, José Adarraga, Alejandro Mendikute, José Otaño, José Ignacio Peñagarikano eta Celestino Onaindia.

Gertakari horiek agerian uzten dute altxamendu militarraren diskurtsoaren eta haren jardunaren arteko kontraesan sakona.

Bere burua kristau-zibilizazioaren salbatzaile gisa aurkezten zuen mugimenduak ez zuen zalantzarik izan apaiz katolikoak fusilatzeko, baldin eta haien konpromiso politiko, kultural edo nazionala erregimen berriaren interesekin bat ez bazetorren.

Aitzol eta gainerako apaizak gogoratzea ez da soilik euskal abertzaletasunaren historiari begiratzea. Euskara, kultura eta kontzientzia askatasunaren alde egindako ekarpena aitortzea ere bada.

Memoria, duintasuna eta aitortza

Urte luzez, isiltasuna nagusitu zen Hernaniko fusilamenduen inguruan.

Familia askok ezin izan zuten gertatutakoaz hitz egin. Beste batzuek ez zekiten non zeuden beren senideen gorpuak. Askok ezin izan zuten dolua behar bezala egin. Beldurra ez zen fusilamenduekin amaitu.Diktadurak iraun zuen bitartean, biktimen oroimena etxe barruan gorde behar izan zuten familia askok. Izenak isilka esaten ziren, oroitzapenak kontu handiz transmititzen ziren

1975ean diktadorea hil ondoren, biktimak aitortzeko eta duintzeko aukera berriak piztu ziren. 1977an lehen omenaldi publiko handia egin zen, eta hilerriko kripta eraiki zuten. Ondoren, ikerketa historikoek eta senideen ahaleginek fusilatutako pertsonen izenak eta bizitzak berreskuratzeko bidea ireki zuten.

Gaur, 1936ko udazken hartatik 90 urte igaro direnean, badakigu Hernaniko hilerrian fusilatutakoen artean apaizak, langileak, enpresariak, merkatariak, alkateak, sindikalistak, irakasleak, amak eta María Bengoa Elorza bezalako gazteak zeudela.

Ideologia eta ibilbide desberdinetako pertsonak ziren. Baina guztiek bazuten gauza bat komunean: beren bizitza indarkeria politikoaren ondorioz eten izana.

Hernaniko hilerria heriotzaren eta errepresioaren agertoki izan zen 1936ko udazkenean. Gaur, ordea, memoria, aitortza eta duintasunaren lekua behar du izan.

Han fusilatutako pertsonak ez dira historiaren bazterrean geratu behar duten izenak. Gure herriaren historiaren parte dira, eta haien bizitzek, konpromisoek eta sufrimenduek merezi dute ezagutuak eta aitortuak izatea.

Hernanin fusilatutako pertsonen izenak ez ditzala inoiz berriro isiltasunak estali. Haien memoria gure herriaren memoriaren parte da eta.

Horixe da, hain zuzen ere, memoria historikoaren benetako balioa: ahanzturari aurre egitea, biktimen duintasuna berreskuratzea eta askatasunaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko konpromisoa sendotzea.

Bibliografia

  • Aizpuru, M.; Apaolaza, U.; Gómez, J. M. eta Odriozola, J. (2007). 1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilamenduak.
  • Euzkadi bajo el régimen de Franco. La represión en Gipuzkoa. Paris, 1939.
  • Sabino Arana Fundazioa. Jose Ariztimuño «Aitzol», frankistek eraildako 16 euskal apaizetako bat.
  • Zuriarrain, I. Hernani 1936–1959. Indarkeria, errepresioa eta giza eskubideen urraketa Gerra Zibilean eta lehen frankismoan.
Ez dago iruzkinik

Barkatu, iruzkinetarako formularioa itxita dago une honetan.